Lide Hernando.
'Ekografiak'

Autodefentsa, 't'-z

2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Primeran plataformak euskarara itzulitako munduko izenburu berriak gehitu ditu udan ere. Abuztu amaieran gehitutakoen artean, Autodefensa izeneko telesaila topa daiteke; herri katalanetatik etorritako eduki benetan interesgarria.

Zale bezainbeste aurkako biltzea lortu zuen Filmin plataforman 2022an estreinatutako telesail horrek. Miguel Angel Blanca, Belen Barenys eta Berta Prieto dira sortzaileak, eta azken biak, halaber, istorio horretako aktore protagonistak. Hogeitaka urteko Bartzelonako bi lagunen bizitza kontatzen du telesailak, eta euren izaera da jendea ezaxola uzten ez duena: izan ere, bi pertsonaia horiek posible diren marra gorri emozional guztiak zapaldu nahian dabiltzala dirudi, benetan nor diren jakiteko. Egiten dituzten gauzek, beraz, leku deseroso batean jarriko dute sarritan ikuslea, eta, izaera ezaxola hori erakargarri egiten zaigun bitartean, normala izango da gauza horietako asko kuestionatzea ere.

Nolanahi ere, horrenbeste harrapatu ninduen Autodefensa-ren freskotasunak atera zenean, ezen bitan ikusi bainuen jarraian. 2023. urtean Donostian egindako Crossover telesailen jaialdian berau aurkeztera etorri ziren Jaume Ripoll ekoizlea eta Berta Prieto aktorea, eta bertan izan nintzen. Esandako gauzen artean, Z belaunaldiaren erretratu gazi-gozoa egiteko intentzioz egin izanak harritu ninduen gehien: Z belaunaldiko jende dexente ezagutzen dut, eta nihilismoa euren ezaugarri nabarmen bat den arren, ez nuke esango horren axolagabeak direnik. Baina joko horretan dago, nik uste, telesail honen magia: mundu errealista bat aurkezten ari ote dira, nahiz eta telesaila grabatzeko modua hain errealista izan? Posible al da horren bihozgabeak diren bi neskato existitzea? Hain bihozgabeak al dira, edo ba al dute –jakina baietz–, barru-barruan bada ere, zentzurik eta enpatiarik?

Bere garaian ikusi ez bazenuten, orain Primeran plataforman euskaraz ikus-entzuteko aukera izango duzue. 15 minutuko atal laburrez osatua dago, bakoitza moldez eta lengoaiaz guztiz ezberdina, sortzaileek aldiro-aldiro zer eta nola egingo zuten inprobisatuz egin izan balute bezala –nahiz ez zen hala izan–. Nik uste berriz ikusiko dudala, euskaraz nola gelditu den jakiteko, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.