gaizka izagirre
'Ekografiak'

Aurrerapausoak

2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oso pozgarria da Netflixen historiako filmik garestiena euskaraz bikoiztua ikusteko aukera izatea, baina ea hurrengo batean pelikularen kalitatea ere aurrekontuaren parekoa den: Estatu Elektrikoa nortasunik eta karismarik gabeko proposamen oso arrunta iruditu zait. Ahalik eta ikusleria zabalenari iristeko helburuz, plataformaren algoritmoek sortutako arimarik gabeko eduki automatikoa dirudi.

Lide Hernandok iragan astean idatzi zuen filmari buruzko iruzkina, eta guztiz bat nator aipatu zuen honekin: «Ez diot entretenimendu hutserako filmak egin behar ez direnik. Bai, ordea, hausnartu agian ez dela kasualitate hutsa ekoizpen horiek aurrekonturik handienak behar izatea».

Filmaren hasiera interesgarria da; lanak bi ordu irauten du, eta erritmoz, musikaz eta elkarrizketaz josia dago, ez da film aspergarria inondik inora ere, baina narrazioaren eta pertsonaien garapenek ez dute sakontasunik ezta originaltasunik ere, guztia oso azalekoa da.

Gidoiak zientzia-fikziozko generoan ehunka aldiz ikusitako klixeak erabiltzen ditu, eta aurretik iragar daitekeen argumentu bat du oinarri. Simon Stalental-en eleberri ilustratu batean oinarritutako istorioak mundu postapokaliptiko liluragarri eta hunkigarri bat esploratzeko potentziala zuen, baina ezerezean geratzen da. Roboten, pertsonaien eta tonuen arteko nahaspila moduko bat sortu dute Russo anaiek; gutxiago gehiago da logika aplikatu izan balute, interesgarriagoa izango zatekeen.

Antzezpen lanek ere ez dute asko laguntzen: Millie Bobby Brownek, karisma handia izan arren, lan monotonoa eta nahiko laua eskaintzen du. Chris Pratt, bestalde, heroi sarkastikoaren rol tipikotik ezin atera dagoela dirudi, eta ez dio ekarpen gogoangarri edo berezik eskaintzen istorioari.

Aitortu behar da entretenimendu hutsal gisa funtzionatzen duela, eta ikusle askori gustatuko zaizkien uneak dituela, baina horrelako osagaiak dituen film bati askoz gehiago exijitu behar zaio.

Dena den, hasieran esan dudana errepikatuko dut: aurrerapauso garrantzitsua da honelako filmak euskaratzea. Apirilaren 4an beste zita bat izango dugu, baina kasu honetan zinema aretoetan, bideojoko oso ezagun batean oinarritzen den Minecraft euskaraz estreinatuko baita.

Aurrerapausoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.