Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Audiolab

2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Artikulu hau idazterakoan oraindik ahoan dut Soziologiako masterreko ikasleekin landutako podcast tailerrak utzitako zapore ona. Ez naiz aritu irakasle gisa, soinu-teknikari eta erraztaile lanetan baizik. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea naiz, eta gizarte-erakunde horrek parte hartu du Mugetako heriotzak eta desagerpenak kontatzea jardunaldien antolaketan. Horren barruan kokatu da gaurko podcast mintegia. Gizarte mugimenduaren eta Akademiaren arteko lankidetza baino gehiago izan da, eta parte hartu duten gazteek Ana Enamorado, Jaliskon desagertu zuten mutil baten ama, eta Maria Greco Entre Mares elkarteko militantearen esperientziak ezagutzeko aukera izan dute solasaldi goxoaren bidez. Esperientzia positibotzat jo dute, eta, hasierako beldur eszenikoa gaindituta, argi geratu zaie podcasta oso tresna bikaina dela gizarte esperientzietara hurbiltzeko, gidoia lantzetik askotan isilean geratzen diren testigantzak erregistratu eta zabaldu arte.

Egun gutxi lehenago, Leioako Hezkuntza Fakultatera gonbidatu ninduten podcast komunitarioen balio sozialaren inguruan gogoeta egin nezan, Ahotsak eta Erresistentziak Ereiten izenburuan antolaturiko topaketan. Bertako dekanoak azpimarratu zuen irratsaioen balio soziala eta horren lotura unibertsitatearekin… Aitortu behar dut inbidia edo jelosia pixka bat sentitu nuela, gurea, hau da, komunikazio alorrekoa litzatekeen zerbait kendu izan baligute bezala. Eskerrak nire ondoan Konteixu saioko kideak ziren, eta argi utzi zuten gure fakultatean ere sortzen direla proiektu interesgarriak.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea berritu zenean estudio digitalek zaharturiko tresneria ordezkatu zuten arren, irratia desagertu zen, eta ez da kasualitatea Irrati Laborategia zena Audiolab bihurtu izana. Leihoak eta erredakzio-gela bi zituen bigarren solairuko egoitzatik gela bat biltzeko lekurik ez duen argi naturalik gabeko soto batera eraman ziren mintzatokiak eta soinu-mahaiak. Eta horrekin desagertu ziren saioak, emititzeko lizentzia eskuratu zuen Leioa Irratia (izena aldatu behar izan genuen, Leioako Udalak inoiz bultzatu ez zuenarekin ez nahasteko) osatu zuen programazio baten aztarnak.

Unibertsitate-irrati baten nostalgiaz, Euskararen Egunaren testuinguruan Kazetaritzatik berriz ere Irrati Maratoia antolatzeko deialdia itxoiten ari naiz, Audiolab, ordu batzuetarako bada ere, irratia izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.