Oso gustura ikusten dut TVEko La Revuelta saioa, baina aitortuko dizuet Broncanoren eta Motosen lehiaren harira etengabe ematen dituzten ikusle datuekin aspertuta nagoela. Berdin gertatzen zait EITBkoek etengabe ematen dituztenean ere; ez dakit, beharbada ni izango naiz, baina saio batek zehazki zenbat pertsonak ikusi duten jakiteak ez dit sekula lorik kendu.
Sare sozialek eta plataforma digitalek geroz eta pisu handiago duten garaiotan zentzurik ba al du telebista tradizionaleko datuekin itsutzea eta hainbesterako garrantzia ematea? —tira, ikuspegi komertzialetik bai, baina ikusle gisa?—. Saio baten biziraupena soilik audientzia tradizionalaren arabera neurtzea ez zait bidezkoa iruditzen; eta gutxiago euskarazkoa bada, hor sarritan aintzat hartzen ez diren beste faktore batzuk daudelako. Emaitza hauek, gainera, kontu handiz interpretatu behar dira, dakizuen moduan ez direlako guztiz errealak. Urtzi Urkizuk X sare sozialean idatzitako hau oso adierazgarria iruditzen zait: «Telebista konbentzionaleko ikusle datuak neurtzeko, EAEn 430 audimetro daude, eta Nafarroan 250». EAEn bi milioi biztanle inguru garela kontuan izanda, eta Nafarroan 650.000 inguru, zeuek atera ondorioak.
Telebistako audientzia Kantar Media izeneko enpresak neurtzen du. Neurketa hori audimetroen bidez egiten da: telebistari konektatutako gailu bat da, eta etxe batzuetan soilik instalatzen dute. Populazioa ordezkatzen duen lagin adierazgarri baten parte diren etxeetan instalatzen da. Gailu horrek telebista piztuta dagoenean zer ikusten den erregistratzen du, bai telebista linealean (zuzeneko emisioak), bai nahieran ikusten diren saioak ere. Audimetroak telebistan ikusten dena bakarrik erregistratzen du, ez gainerako gailuetan. Etxeko kideek adierazi behar dute nor dagoen telebista ikusten, eta horrek aukera ematen du datuak modu zehatzagoan biltzeko. Plataformen zerbitzuen audientzia neurtzeko, bestelako tresnak erabiltzen dira, hala nola web trafikoaren eta aplikazioen erabileraren jarraipena. Gehienetan, streaming enpresak izaten dira datuak partekatzen dituztenak.
Jakina, garrantzitsua da ikustaldi datuekin ondorioak ateratzea eta datuak biltzea, baina azken urteotako informazio-bonbardaketa gehiegizkoa iruditzen zait.