Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Atzo bihar da

2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Udako arrats sargoritsuetan aitite eta amama berpizten ditut gogoan. Gurasoak oporrak hartu bitartean, eurekin pasatzen genituen egunak. Aititek begiradekin kontatzen zizkigun bizipenak, hitzak nekez ahoratzen baitzituen, atzera begirakoa egiten zuen bakoitzeko. Gauero-gauero besarkatzen ninduen amamak ohean, eta ipuinak kontatzen zizkidan. Iluntasunaren askatasunak hamaika kontakizun gorde zituen. Adibidez, entzumenarekin hormak zeharkatzeko gaitasuna zuen gizonarena: euskaraz etxean hitz egiteagatik isuna jarri zien. Edota aita soldata barik zigortu zutenekoa alabari Libertad izena jarri ziotelako. Historia hori asko gustatzen zitzaidan luzea zelako: lehengusu batzuekin bizitzera bidali zutenekoa eta nola pasatzen zituen gauak beldurrak itota mendian behiak zaintzen. Noizbait amaren bisita zeukala kontatu zidan, eta Gernikako merkatura jaisten zirela. Egun horietako batean, bidean zirela, hegazkinak bere gainean sentitu zituzten eta «eskerrak birramamak errape ederrak zituela», gainera bota baitzitzaion eta bide bazterrean koltxoi horien artean mugitu ezinik utzi zuen. Amamak ez zuen oso ondo ulertu gertatzen ari zena. Nik ere ez nituen amamaren abenturak sobera ulertzen.

Zenbat aldiz entzun ote da «ama, nora goaz?» galdera Euskal Herriaren historian? Astearte gauean memoriaren tiraderanodolez nituen kontakizunak berpiztu zituzten Edurne Aizpurua, Lore eta Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balentziaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain elkarrizketatuen hitzek. Azalean sentitu nuen belaunaldiz belaunaldi transmititu diguten minaren isiltasun dentsoa. Memoria historikoa ehuntzeko ezinbestekoa den pieza telebistaratu zuen ETB1ek: Ama, nora goaz? Gipuzkoatik kanporatu zituzten emakumeen istorioa biltzen duen dokumentala. Iban Gonzalezek, Karmelo Vivancok, Idurre Cajaravillek, Jon Gonzalok, Barbara Rivasek eta Esther Remirok egin duten lanari esker heldu da gure etxeetara tentuz, miraz eta maisutasunez jositako testigantzen obra artistikoa.

Gure errelatoa, Euskal Herriko historia, idazteko ezinbestekoak dira halako lanak, eta noski, horien zabaltzea komeni da. Iraganik gabeko herriak, nekez ulertuko baitu etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.