Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Atzera bueltarik ez

2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bederatzi urtez, astelehenero, Irunetik Iruñera bidaia egin du Nagore Laffageren familiak, emakume aske eta gaztearen hilketa ahaztu ez dadin, eta hura bezala gizonek urtero akatzen dituzten emakumeak gogoan izateko. Hedabideetan esan dutelako jakin du familia horrek Diego Yllanes hiltzaileak askatasun gradu bat gehiago lortu berri duela. Gogora dezagun, Yllanesek Nagore Laffage hil zuela emakume askea zelako. Ezetz esateko askea zelako. Yllanesek Laffage hil zuen bere menetara egoteari uko egin ziolako. Neska gazteak laguntza eskatu zuen. 112 zenbakira deitu zuen. Yllanes, berriz, konplize bila aritu zen, nahiz eta lankideak salatu zuen, eta aitak poliziarengana eraman zuen. Hala eta guztiz ere, telebistan ikusi ahal izan dugunez, Yllanes hiltzaileak bilatu zituenak baino konplize gehiago ere izan zituen. Izan ere, zinpeko epaimahiak galderak egiteko aukera izan zuenean, Nagore Laffageren askatasunarekin hertsiki lotutako kontua mahaigaineratu zuen. Amari galdetu zioten ea Nagorek ligatzea atsegin zuen. Hedabideek kontatu ziguten unea, eta azaldu zigutenez, ez zen zinpeko epaimahiak egindako galdera bakarra. Haatik, epaileari ozen irakurtzeko egokia otu zitzaion bakarra izan zen, itaun guztien gogortasuna dela eta.

Kontu horiek guztiak eta beste hainbat azaldu zituen Nagore Laffagen amak larunbat gauez Telecincon. Salvame Deluxe saio birziklatu berriari kutsu serioa erantsi nahi izan diote. Serioa izan nahi duela erakutsi nahi diguten arren, marketinari lotutako seriotasuna baino ez da. Bestela, nola eman dezakete horrelako gai garrantzitsuaz aritzeko beta larunbat gaueko ordu txikitan?

Telebista saio batean «ez, ezetz da» aldarrikatu zituen amaren hitzak entzutean denboran salto egin genezake. Hain justu, Telebista serioa eta amarillista-ren arteko arrakala gertatu zen une historikora arte. 1993ko urtarrilaren 23an Nieves Herrerok saio maratonianoa egin zuen Alcacerren, Anglesek eta Ricartek akatu zituzten hiru emakume gazteen gorpuak agertu ziren egunean. Hiru neskatoen gurasoekin hitz egin zuen zuzenean. Une horretan telebista egiteko modua atzera bueltarik gabe itzulbiratu zuten, eta informazioaren espektakularizazioak gaur egun arte dirau, gizartean eragin dezakeen eta eragiten duen- kaltea erabat ahaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.