Azaroan, Go!azen telesailaren 11. denboraldiko lehen atala estreinatu zuten UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko laurogei herritan. Joan den asteburuan, hau da, otsailaren 14an, 15ean eta 16an, UEMAko kide diren 92 herritan proiektatu zuten Irabazi arte-ren laugarren denboraldiko aurreneko atala. Ehunka neska-mutikok ikusi ahal izan zuten Arene (Sua Enparantza) futbolean jokatzeko gogoz dela berriro. Eta datozen asteetan, etxean ikusi ahalko dituzte Areneren eta haren lagunen eta etsaien abenturak: ostiraletan ETB1en, eta, bestela, Makusi plataforman edo Primeran-en.

UEMAk eta EITBk sinatu berri duten elkarlanerako hitzarmena nabarmendu beharrekoa da, hari esker egin baitira euskarazko bi telesailen emanaldi horiek guztiak. «EITBren helburua da euskal ikus-entzunezko edukien kontsumoa bermatzea, eta UEMA bidelagun ezin hobea da xede hori lortzeko. Euskararen hedapena ziurtatu behar dugu, eta gure edukiak ahalik eta toki gehienetan zabaltzea», adierazi zuen otsailaren 13an Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak. Hala izan bedi.

«Azkeneko ikerketek argi erakusten dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela», ohartarazi du UEMAk. Mankomunitateak berak ikerketa bat argitaratu zuen 2022. urtean, eta orduko hartan ondorioztatu zuten erdarazko marrazki bizidunen Clan katea ikusten duten Lehen Hezkuntzako ikasleen kopurua ETB3rena halako bi dela —herri euskaldunetan egin zuten ikerketa—. Halaber, Lehen Hezkuntzako ikasleei galdetu zieten azkena ikusi zuten telesaila zein hizkuntzatan zegoen: %73k esan zuten gaztelaniazkoa zela, eta %11k euskarazkoa zela.
Datuek agerian uzten dute garrantzitsua dela denboraldi honetan Go!azen eta Irabazi arte telesailekin egin duten saiakera. Aipatutako hitzarmenaren arabera, UEMAko kide diren udaletako zinema aretoetan edo bestelako aretoetan aukera izango da Primeran plataformako eduki jakin batzuk doan eskaintzeko, betiere herri horiek 3.000 biztanletik beherakoak badira. UEMAk eta EITBk adostuko dituzte edukiak. Pauso bat da. Eman daitezke gehiago, baina abiapuntuak ez du itxura txarrik. Asko dago irabazteko.
Kontuan hartzekoa baita Hego Euskal Herriko herrietako (eta hirietako) zinema aretoetan gaztelania dela nagusi, erabat, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, frantsesa. Datuak alderatzen hasiz gero, Zineuskadik bikoiztutako Basatiak filma soilik sei zinema aretotan proiektatu dute otsailean —Azpeitia (Gipuzkoa), Bilbo, Cordovilla (Nafarroa), Errenteria (Gipuzkoa), Etxabarri Ibiña (Araba) eta Donostia—. Irabazi arte, baina, UEMAko kide diren 92 herritan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eman dute. Badago aldea.
Pagadi ez da Jimenez
Ez dago etengabe alderaketak egiteko beharrik. Harrigarria izan da Primeran plataformak Instagram sare sozialean Argizaiola saio berria promozionatzeko erabili duen esaldia: «Cuarto milenio gustuko baduzu, ezin duzu Argizaiola galdu». Lehen kontsiderazioa izango litzateke ea Ipar Euskal Herriko euskaldunek —edo Espainiako Cuatro katea ikusi nahi ez dutenek— zergatik jakin behar duten programa hori existitzen denik ere. Bestea da ea EITB taldeko Primeran plataformak zergatik hartu behar duen eredutzat Iker Jimenezek aurkezten duen programa, kontuan hartuta azkeneko urteetan ahotsa ematen ari zaiela etengabe zientziaren negazionistei eta ultraeskuineko ideia erreakzionarioak dituzten solaskideei. Oraintxe bertan, Jimenez ez da eredu euskaldunentzat, eta ez du inolako zentzurik euskarazko programa baten zabalpena egiteko Cuarto milenio amu gisa erabiltzeak. Misterioak eta misterioak daude.

Lide Hernandok asteon BERRIAko zutabean aipatu duen moduan, «umore ironiko batez tindatzen dute dena» Pagadizabalek eta Aitziber Gradosek. Oso gustura ikusten da Argizaiola, eta Leire Leturiaren eta Esti Vivancoren parte hartzeak ere interesgarriak dira. Bada, ez da izango Gradosek Primeran-erako aurkeztuko duen programa bakarra 2025. urtearen hasieran; hemendik aste batzuetara, beste saio batean ere arituko da aurkezle. Eta ez da ahaztu behar Gradosek Benetan zabiz? bideopodcasta ere egiten duela oraindik, Malen Altunarekin batera. Jimenezekin ahazten badira, ondo ibiliko dira.