Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Arriskuak kate txikiagoetan

2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Asteazken gauean, 22:30ean, albistegi berezia eskaini zuten ETB2n: En Jake: Elecciones 12J. Eusko Legebiltzarreko hauteskundetako emaitzak eta datorren legealdiko erronka nagusiak eztabaidatzeko asmoz. Besteak beste, izandako abstentzio altua, alderdien arteko itun posibleak, COVID-19ak eragindako kalte sozialak zein ekonomikoak eta eskuin muturreko alderdi politikoak Legebiltzarrean lortutako eserlekua edo bozgorailua. Lau emakume eta lau gizonezko gonbidatu zituzten platora, bakoitza ideologia politiko desberdinekoa. Albistegi berezia En Jake kate bereko goizeko tarte arrakastatsuaren jarraipena izan zen; ekoiztetxe berdinak ekoiztua, baita aurkezle berak gidatuta ere. PrimeTimeMedia (3Komaren eta Irusoinen bat egitetik sortua) eta Xabier Lapitz, hurrenez hurren.

Lantaldeak ez zuen asko deskantsatu asteazkenean. Audientzia datuek merezi izan zuten, halere. Goizeko saioak bost denboraldietako daturik onenetan bigarrena eskuratu zuen: %19,5eko ikusle kuota EAEn. Gaueko albistegiak, berriz, 56.000 ikusle eta prime time ordutegiko %9,9ko kuota bildu zituen. Zorionak!

Ez zait gehiegi gustatzen En Jake, ezta Lapitz ere. Biak ala biak LaSexta kateko Antonio Garcia Ferreras aurkezlearen eta haren Al rojo vivo saioaren kopiak iruditu zaizkit hasieratik. ETB2ko programa euskaraz egingo balute bederen. Hain zuzen, oraingoz, ETB1en halako albistegi berezirik egin ez dutela aipatu nahi nuke. Zergatik? Euskaldunok ez dugu halako programarik merezi? Gutxienez zerbitzu bera egon behar luke euskarazko katean.

Askotan pentsatu ohi dut ETB eta TVE artean antzekotasunak daudela haien kate handiak eta txikiagoak zaintzeko orduan. ETB2 eta La1, eta ETB1 eta La2, hurrenez hurren. Beharbada jakingo duzue La2Noticias bertan behera utzi dutela 2021eko urtarrila arte. Osasun arrazoiak argudiatu ditu TVEk. Bertako langile talde batek, aldiz, albistegia segurtasun neurriekin egiteko nahikoa baliabide daudela salatu du. Ez da saioaren lehendabiziko etenaldia; izan ere, iazko abuztuan emisioak eten zituzten «langile faltagatik». Tira, ez dakit La2eko albistegi kuttuna noizbait itzuliko den, eta halako erabakiek kate txikiagoetan izan dezaketen arriskuen beldur naiz. Ez ahaztu berriki agur esan diegula ETB1eko Gure kasa eta Ahoz aho saio kuttunei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.