Surfak badu zerbait berezia. Edozein surflarik esango dizu ez daudela bi bainu berdin. Egun baten izugarrizko olatu onak izan ditzakezu, eta hurrengo egunean, antzeko baldintzekin, olatuak bestelakoak izango dira. Eta aldakortasun horrek ere, kirol hori are erakargarriagoa egiten du. Ez dakizu noiz izango duzun olatu bikainaren sari berezia.
Esango nuke ez zela surflaria izan 1904. urtean jaio zen Burrhus Frederic Skinner estatubatuarra, psikologo eta filosofo ezaguna izan zela dudarik ez dugu. Esperimentu bitxiak egin zituen arratoiekin. Horietariko baten, kutxa baten barruan zeuden arratoiek palanka bat sakatzean, sari bat jasotzen zuten. Palankak ez zuen beti askatzen janaria, baizik eta noizbehinka bakarrik.
Ezustean sariren bat jasotzeko itxaropenak egiten zuen arratoiek palanka gehiago sakatzea, nahiz eta emaitza ez izan ziurra. Halakoak adikzioarekin ere lotzen dira; sari bat ezustean jasotzeak motibazioa areagotzen du.
Utz ditzagun surfa eta arratoiak alde batera. Joan gaitezen AEBtako Yale unibertsitatera. Bertan, ikerketa interesgarri bat argitaratu zuten 2021. urtean. Twitter sare sozialeko 7000 erabiltzaile baino gehiagoren 12 miloi txio aztertu zituzten. Ondorio nagusi bat atera zuten: sare sozialek haserretu egiten gaituzte.
Adibiderik? Demagun gai baten inguruko nire haserrea adierazten dudala txio baten bidez. Ondoren, beste erabiltzaileen erantzun positiboa jasotzen du txio horrek, atsegin dut edo iruzkinen bidez. Ikerketaren arabera, horren ondorioz, etorkizunean nire amorrua adierazten duten txio gehiago idazteko probabilitate handiagoa izango dut.
Aitortu behar dut nik neuk bizi izan dudala sentsazio hori. Eta ez da batere gustukoa norbera horretaz jabetzea. Plataformen algoritmoek muturreko egoera horiek sustatzen dituzte, dela eztabaida norabait bideratzeko, dela gu haien sarean katramilatzeko. Egunero eskaintzen digute sutan jarriko gaituen edukiren bat. Ongi ezagutzen gaituzte.
Olatuek bezala, itsasertzera iritsi aurretik, gehienezko altuera hartuko dute idatziz adierazitako gure arrangurek. Handik egun batzuetara horien aparra ere ez dugu izango ikusgai. Ene bada! Konturatu orduko, badator beste olatu bat.