benat erezuma

Arrakala digitala

2024ko irailaren 21a
05:00
Entzun

AEBetan sortu ziren telegrafoa, urpeko ontzia, RAP musika eta saskibaloia. Baita ere, merkataritza-gune handiak, kreditu txartelak eta ordenagailuko sagua. Han sortu zen autotik irten gabe hanburgesa erosi eta berau jasotzeko sistema.

Urrun ikusten genituen bere garaian horiek guztiak. Gure artean dira jada.

AEBetako gaur egungo datu batzuk mahaigaineratuko ditugu.

18 eta 29 urte arteko gazteen %52k antsietatea dute, %33k depresioa, eta %32 bakarrik sentitzen dira. Irakurri datuok berriro, mesedez.

18-34 urtekoen artean, %21ek diote lagun min bakarra duela edo lagun minik ez duela. 2011. urtearekin alderatuz, datu hori hirukoiztu egin da.

Joe Bidenen herrialdean, belaunaldirik zaharrenek gazteek baino lagun min gehiago dituzte, joera historikoari buelta emanez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako depresio tasa %8,3koa zen 2018an, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean. Gaur egun %18,9ra igo da. Badirudi urrunetik datorren haize bolada gurean ere sustraiak botatzen ari dela.

Datuak aztertuz, nerabeek lagunekin aurrez aurre ematen duten denbora gutxitzen ari da urtez urte azken hamarkadan. Denbora gutxiago lagunekin kalakan. Lo ematen duten denbora ere behera. Koktel ederra osasun mentalarentzat.

Ikerketen arabera, lagunak dituzten pertsonak beren bizitzarekin zoriontsuagoak dira, eta depresioa jasateko aukera gutxiago dute. Era berean, hiltzeko aukera gutxiago dute bihotzeko arazo eta hainbat gaixotasun kronikogatik.

Baina noiz hasi ziren datuok aldatzen? Ikerketek diote inflexio puntu bat izan zela 2012. urte inguruan. Telefono adimendunak masiboki erabiltzen hasi ginen garaia izan zen, baita sare sozialen eztanda gertatu zen sasoia ere. Gailu bakar batek errealitate osoa aldatu zigun, onerako zein txarrerako.

Eta adin txikikoen kasuan, nola erabaki mugikor adimendunen erabilera? Hainbat ikerketak adierazten dute telefono bat goiz jasotzen duten haurrek erabilerara egokitzeko arazoak izan ditzaketela; adina faktore garrantzitsua da.

Nahia Idoiaga Psikologia ebolutiboaren EHUko irakasle eta ikertzaileak zera dio, erabakiak kolektibizatzea mahai gainean jarri behar dela. Baita erabilera arautzea ere.

Bada arrakala digitala, baina agian, ez espero genuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.