Arnasa betean dokumentala Primeran plataformara iritsi berri da; Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia zuzendariek atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileen lana aztertzen dute. Hiru emakumezko urpekariren bidaiaren bidez, hamarnaka emakumek egindako lanari errepasoa ematen dio dokumentalak; haien begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ahaleginetatik eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egin dioten ekarpenetik. Hala, aitzindari eta bide urratzaile izandako horien eta egun zinema jaialdietan arrakasta ezagutzen ari diren gazteen testigantzak jarri dituzte erdigunean.
Dokumental horrek gaurko zutabearen gaiaren bidea ireki dit; izan ere, euskal emakume zinemagileen izenak errepasatzen hasi naizenean ohartu naiz zer-nolako kantitatea eta batez ere kalitatea dugun geure artean. Ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan emakume asko eta asko ari dira lanean egunero, baina haien sorkuntzek ez dute beti ikusgarritasunik lortzen. EWA European Women's Audiovisual Network elkartearen ikerketa bat da horren lekuko: zinema eskoletan ikasleen erdiak emakumeak badira ere, gero, ekoizten diren bost filmetatik batean izaten dira emakumezkoak zuzendari. Horiek horrela, emakumeen lana sustatzea erabaki zuen sektoreko profesional talde batek, eta 2016an (H)emen Her(e) elkartea sortu zuten, ikus-entzunezkoetan lan egiten duten emakumeei ikusgarritasuna emateko helburuz. Sektore horietan emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko lanean dihardute.
«Izenik ez duena ez da existitzen», aipatzen da 20.000 especies de abejas filmean. Izenak errepasatzen aritu naizela aipatu dut lehen, eta oraindik ez dizkizuet idatzi ere egin: Esti Urresola, Lara Izagirre, Iratxe Fresneda, Laida Lertxundi, Olatz Beobide, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Arantza Santesteban, Izaskun Arandia, Mikele Landa, Maider Oleaga, Marina Palacio, Itziar Leemans, Maddi Barber, Marina Lameiro, Mireia Gabilondo, Ainhoa Gutierrez del Pozo, Alauda Ruiz de Azua, Irati Gorostidi, Lur Olaizola, Bertha Gaztelumendi, Rosa Zufia, Mirentxu Loiarte, Agurtzane Intxaurraga, Maider Fernandez, Maria Elorza, Leire Apellaniz eta abar. Zutabe xume hau zuei eskainia da.