Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Animazioaren goia

2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Iazko urte amaierako telesail hoberenen zerrenda gehienetan agertu zen izenburu bati buruz hitz egingo dizuet gaur. Aurreko artikulu batean aipatutako Arkane lanaren gisa, denboratxo bat utzi diot nire buruari hau ikusteko gogoa garatzeko, helduentzako animaziozko lanak ez baitira normalean nire gogokoenen artean egoten. Tira, bada, Arkane-rekin gertatu bezala, honekin ere salbuespen bat egin beharko dut, eta nire hitzak jan: Blue Eye Samurai-k konkistatu egin nau.

Ekoizpen franko-estatubatuar honek Japonian du oinarria —nola ez, Japonia berriro ere!—, eta Shogun telesailak bezala, XVII. mendean kokatzen ditu bere gertakariak. Japoniak kanporako ate guztiak itxiak zituen garai horretan, Mizu izeneko onna-musha —emakume gerlari— erdi japoniar, erdi zuri batek bere aita izan litezkeen eta bertan ilegalki bizitzen jarraitzen duten lau gizon zuri bakarrak topatu nahi ditu, haiengan mendekua hartzeko. Animazioaren mugimendutik pertsonaien idazketara, tramaren konplexutasun eta heldutasunetik igaroz: den-dena dago zaindua Blue Eye Samurai telesailean. Hain dago zaindua, ezen batzuetan ahaztu egiten baitzitzaidan animaziozko zerbait ikusten ari nintzela. Tramarengatik, tonuarengatik eta, noski, kokapenarengatik, ezin zaio telesailari Tarantinoren Kill Bill gogoraraztea ukatu; ongi baitirudi ekoizpenak berak hori egiteko intentzio garbia ere baduela. Hala ere, Tarantinorena soilik den umore beltza falta zaio honi. Telesail horren osotasuna solemnitatez tindatua baitago: pertsonaien hizkeratik hasita, gertakarien dramatismoraino. Baina, egia esan, ez zaio umorerik faltan sumatzen: beste guztiak gure gozamenerako nahikoa arrazoi eskaintzen baititu. Mizuren historia konplexua kontatzeko flashback-en erabilera oso ongi hautatua dago, gainera: pintzelkada bakoitzak bere iluntasunean argi izpitxo bat gehitzen dio, inoiz ez behar dena baino gehiago kontatuz; eta hori, gaininformazioaren garaiotan, asko eskertzekoa da.

Pieza biziki gomendagarria da Blue Eye Samurai. Hala ere, azkenaldian helduentzako animaziozko lanak ikusten ditudan bakoitzean otutzen zaidana datorkit hau ikusi ostean ere: ez da edozein sabelentzako aproposa. Posible al da horrenbesteko biolentziarik ez duen helduentzako animaziozko edukirik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.