gaizka izagirre

Animalien askapena

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Aspalditik nuen ikusi beharrekoen zerrendan gordeta eta azkenik ikusi dut Yo Galgo dokumentala (YouTuben doan). Lan horretan, Yeray Lopez Portillok Espainian galgo txakurrek bizi duten errealitate beldurgarria erakusten du; lau urte baino gehiago eman ditu ikertzen eta filmatzen. Barrenak nahasi dizkit. Latza da. Negar-malkotan amaitu dut.

Ugariak dira azken urteotan munduko animalien egoera salatu nahi izan duten dokumentalak: Cowspiracy, The Cove, BlackFish, Meet Your Meat eta abar. Denak ere intentzio berarekin sortuak: ikus-entzunezkoen lengoaiaren bidez ikusleari erakustea jateko, janzteko, dibertitzeko edota esperimentatzeko esplotatuak izaten diren bizidunen bizitza tamalgarri eta penagarria. Sare sozialen irismena paregabea da —onerako zein txarrerako—, bidegabekeria ugari salatzeko tresna boteretsua izan daitekeelako. Baina salaketa gehienak ostrazismoan galtzen direla iruditzen zait. Iristen zaizkigunean zabaltzen ditugu, irauten duten segundo horietan kontzientziak astintzendizkigute, baina hurrengo egunak berdina izaten jarraitzen du: beste irudi batzuk, eta hurrengoan beste batzuk. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua eta interesgarria dokumentalgintzara jotzea, kasu bakoitza patxadaz eta sakontasunez aztertzeko aukera ematen duelako. Earthlings dokumentalaren adibidea oso adierazgarria da; 2005. urtean Shaun Monsonek zuzendu zuen lan horrek milaka pertsonaren ikuspegia eta bizitza aldatzea lortu zuen. Gaiari lotua, Euskal Herrian ere bada aipatu nahiko nukeen lan bat: Askekintzak ezkutuan grabatutako irudiak erabiliz osatu zuten Gurean dokumentala. 2019ko Argia saria jaso zuen. Lanak hogeita hamar herritan eta esplotazio ugaritan zehar garraiatzen gaitu, animaliek festetan pairatzen duten zapalkuntza agerian uzteko. Euskal Herriko festetan egiten den animalien erabileraren inguruko eztabaidari heltzeko garaia zen. Euskal Herrian gaia jorratzen duen lehenengo dokumentala da, urteetako ikerketaren emaitza. Hemengo festetan urtero ehunka animalia gatibatzen, esplotatzen eta erabiltzen dira. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.