Lide Hernando.
'Ekografiak'

Animalia izenak

2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Britainiarrek gogoko dute espioitza animalia izenekin lotzea: 2022an Slow Horses telesaila estreinatu zuten Apple TV Plusen, zaldi motelak alegia, dagoeneko lau denboraldi dituena eta aurreko artikuluren batean aipatu dudana. 2024ko abenduan, bestalde, Black Doves estreinatu zuen Netflixek, uso beltzak euskaraz, gai eta tonu bertsuarekin —askok diote, gainera, Slow Horses-ek izandako arrakastari Netflixek emandako erantzuna izan dela—. Nolanahi ere, biek ala biek erabiltzen dute animalia terminologia espioitzarekin lotutako kontzeptuak izendatzeko —ahaztu gabe, noski, Jennifer Lawrencen Red Sparrow filma, txolarre gorria alegia, nahiz azken hori estatubatuarra izan—:  MI5 segurtasun zerbitzu nazionalak maila ez emateagatik lan zikinak egitera bideratutako departamentuko langileak lirateke zaldi motelak; uso beltzak, ostera, identitate bikoitza izatera behartuta dauden espioi sekretuak dira, bizitzaren zati handi batez informazioa lortzeko egitekoa dutenak.

Keira Knightley eta Ben Wishaw ditu aktore lanetan azken horrek; eta pantailan aspaldian ikusi gabeko aktore handi horiek izan dira lanaren erakargarritasun handiena. Slow Horses-ek bezala, Black Doves telesailak erakutsi du thrillerra eta umore beltza oso ondo nahasten dakizkiela; nahiz azken hori gehiegikerian sarriago erortzen den eta, nire ustetan, horrexegatik den bestea baino apur bat ahulagoa emaitzan. Knightley eta Wishaw bizitza paraleloa daramaten uso beltzak dira, bata informazioa ateratzen iaioa, bestea jendea exekutatzen. Knightley goi kargu bat duen politikari batekin dago ezkonduta; eta bere amorantea erailtzen duten unean hasten da telesaila, horrek bere bizitza eta ogibidea kolokan jarriko dituelarik, jakina.

Esan bezala, umore britainiar beltzez zipriztindutako momentu bikainak ditu telesailak; lehen ataletik argi gelditzen den eta bigarren mailako pertsonaia batzuetan berezkoa den ezaugarria. Alta, originaltasunaren bila dabilenean, gehiegikerian apur bat galtzen dela esango nuke, sinesgarritasun maila kolokan jartzeraino.

Azken aipamena egin nahiko nioke Ben Wishawren lanari zein pertsonaiaren eraikuntzari. Tramak hedatzen duen kaosaren erdian aingura potente eta hipnotikoa da Sam Young hiltzailea, hotza bezain emozionala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.