Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Ametsak

2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bitxia egin zitzaidan klasera huts egiten ez duten bi ikasleren absentzia, eta beren taldekide batek esan zidanean Madrilera joanak zirela, Realaren eta Real Madrilen arteko partida ikustera, pentsatu nuen beharbada usteko zutela falta justifikatuta zegoela, nire bihotza txuri-urdina dela ezagututa. Baina beraiena ez zen «piper egitea», zuzeneko podcast bat egitera joan baitziren, kirol kazetari moduan akreditazioa lortu eta gero. Vlog-ean azaldu zuten bezala, Santiago Bernabeutik amets bat betetzera joan ziren, eta Espainiako Koparen finalerako sailkapena ekarri ez bazuten ere, nekez ahaztuko duten gaua bizi izan zuten.

Markel eta Sean dira, eta Reala 5 minututan izeneko podcasta emititzen dute astelehen eta ostegunetan, non gizonezkoen lehenengo mailako taldearen jarraipena egiten duten hamar minutu inguru irauten duen atal bakoitzean. Irratsaioaren aurkezpenean, berriz, Realaren gainerako taldeen inguruko albisteak ere jasotzeko asmoa dutela aitortzen dute, eta egia da orain arte argitaraturiko hogei ataletan agertu direla beste kategorietako hamaikakoei buruzko berriak, nahiz eta emakumezkoena pixka bat baztertua dutelakoan nagoen…

Ikus-entzunezko Komunikazio eta Kazetaritza ikasketak eta zaletasuna batzeko modu ederra bada ere, argi dute podcasta zerbait gehiago izatea nahi dutela, eta momentuz beren baliabideez ari badira ere, amets egiten jarraitzen dute, eta, akreditazioa lortu duten bezala, hurrengo batean bidaia eta ostatua ordaintzeko sosak ere eskuratzea espero dute, eta momentuz ogibidea ez bada, gutxienez, autofinantzaketa lortzea. Gero eta jende gehiagorenagana heltzeko, podcast plataformetan ez ezik, gazteek erabili ohi dituzten sare sozialetatik ere hedatzen dute saioa, audio zein bideopodcast formatuetan, eta euskaraz.

Profesionaltasunerako bidean, ikasle batzuek beren curriculuma eta lan-eskaerak eramaten dituzte hedabidez hedabide, ordaindutako edo ordaindu gabeko praktikak egiten dituzte edo kolaborazioak sinatzen dituzte ateak irekitzen dizkieten komunikabideetan. Podcast formatuak, aldiz, aukera berriak irekitzen dizkie; norberak ekoizpen eta errealizazio prozesu osoa kontrolatu ahal du, inbertsio txiki batekin eta edonon eskuragarri dagoen teknologia erabilita, abagunea emango dioten ala ez itxaron gabe. Internetek eta sare sozialek entzuleengana heltzeko beta eskaintzen diete, baina, dudarik gabe, ilusioa, gogoa, eta ofizioa beraiek jartzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.