Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Alienista alienatua

2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Nire smartphone ez hain smart-ak ondo ezagutzen nauela uste du, eta bertako Googleren aplikazioak tarteka telebistan ikusteko zerbaiten gomendioa egiten dit. Nik, tentazio mailaren arabera, kasu egiten diot batzuetan; eta hala egin dut nire atentzioa hartu duen azken gomendioarekin. Oroitzen ez dudan hedabide bateko albistea zen, baina izenburua, bai, gogoratzen dut: «Thrillerra gustuko baduzu, ezin duzu galdu XIX. mendean girotutako Netflixeko harribitxi hau», zioen, gazteleraz. 2018an plataforma gailenean zarata handirik atera gabe argitaratu omen zen The Alienist telesaila, baina, artikuluak zioenez, merezi gabeko bide isila izan zuen. Izaera historikoak eta generoarekiko zaletasunak ezbairik gabe eraman nau ikustera.

Daniel Bruhl aktore alemaniar-espainiarrak jokatzen du telesail horretako rol protagonista: Laszlo Kreizler doktorea nahasmenduak dituzten pertsonak tratatzen dituen psikologoa da, garai hartan alienista zeritzona —ulertzen baitzen nahasmenduak zituzten pertsona horiek errealitatetik alienatuta bizi zirela—. New Yorken gertatutako hainbat mutikoren erailketa gupidagabe bat ikertzen saiatuko da, Poliziaren itzaletan, beste bi pertsonarekin batera: John Moore —Luke Evans aktorea—, hedabideetan krimenen ilustrazioak egiten dituena; eta Sara Howard —Dakota Fanning—, komisariaren idazkari dena.

Garai haren girotzeak eta argazkiek ondo funtzionatzen duten arren, gidoiarekin dudak izan ditut. Iruditzen zait hirukote bitxi honek New Yorkeko kaleetatik inongo arazorik gabe egiten duen ikerketaren kontua modu nahiko zalantzagarrian landu dutela: batzuetan, ahaztu egiten zitzaidan hiriko azpimunduetan barrena abilezia handiz hara eta hona zebiltzan pertsona horiek egunkari bateko ilustratzaile soil bat, psikologo besomotz bat eta emakume idazkari bat besterik ez zirela. Hiruren artean sortzen den ustezko maitasun-hirukiak ere kimika guztia falta du, ene uste apalean.

Gauza interesgarri batzuk baditu, ordea; hilketen kariaz mahaigaineratzen duten gaia, adibidez: mutikoen haur-prostituzioa. Edo XIX. mendeko ikerketetan erabiltzen ziren dedukzioak —psikoanalisi freudiarrean oinarrituak betiere— eta tresneria —hatz markak jasotzeko makina, adibidez—.

Baina, Google, ez: oraingoan ez duzu asmatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.