gorka julio
IRLEN SAREA

Alexandra Elbakyan gehiago

2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ziurrenik gehienek ezagutuko ez duzuen izena da Alexandra Elbakyanena. Neronek ere ez nuen ezagutzen duela aste pare bat arte. Artikulu zientifikoak biltzen dituen webgune baten sortzailea da. Berezitasuna: artikulu asko ordainpeko zerbitzuetatik ateratakoak direla.

Aaron Swartzek eta beste batzuek egin bezala, zientziaren mesedetan, ordainpeko zenbait zerbitzutako edukiak zientzia komunitate osoaren esku uztea da haren helburu bakarra. Zientziak, aurrera egin behar badu, ahalik eta hedapen gehien izan behar dute sortzen diren edukiek; honela, beste batzuek ikuskatzeko, ez errepikatzeko, kritikatzeko, hobetzeko...

Arazoa larria izatera heldu da. Zientzialari eta unibertsitate askok ordainpeko zerbitzuak pagatzeko zailtasunak dituzte. Oso enpresa gutxi dira, gainera, bitartekaritza horretatik etekina ateratzen dutenak. Egile gehienek publikazioen prestigioarekin aski izaten dute. Dirua ez da askotan haiengana iristen, bitartekariak dira gehiena eramaten dutenak.

Elbakyanek egiten duenari lapurreta deituko dionik egongo bada ere, zientziaren mesedetan egindako ekimena da. Ezagutzak librea izan nahi du, eta bereziki zientziaren alorrean horrela beharko luke izan. Nola alderatu bestela zure hipotesia, teoria edo dena delakoa ordura arteko ekarpenekin?

Badira beste proiektu batzuk. Galder Gonzalez geologoak eta primatologoak ConentMine proiektua eman dit ezagutzera. Artikulu akademikoetan bilatu, eta horiek denak batera jaisteko pentsatutako tresna da. Oso interesgarria da ikerketa zehatzak egin edo gai baten inguruan dauden edukiak aurkitu ahal izateko.

Ekimen horiek guztiek balentriak dirudite. Ez al luke zientziaren berezko funtzionamenduak horrelakoa izan behar? Ez bakarrik zientziaren alorrean, ikerketan diharduten guztiek eta oro har jendarteak ezagutza osorako atzipena izan beharko luke. Gehienok nahiko genuke horrela izatea, eta ez da horrela, baina zergatik ez da horrela?

Erantzun posible bat Donostiako EHUren liburutegi publiko berrian topatuko duzue: atetik sartu, gora begiratu eta liburu hegalariez osatutako artelan bati argazkiak ateratzeko baimenik ez duzuela dioen afixa ikustean. Dudarik gabe, Alexandra Elbakyan gehiago behar ditugu gure unibertsitateetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.