gaizka izagirre
IKus-entzunezkoak

Alex Garland

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Zeinen gustuko dudan Alex Garland zinemagilea eta zeinen istorio interesgarriak jorratzen dituen beti. Aurten zinema aretoetan bere obra berria estreinatu du: Civil War. Etorkizun hurbil batean girotua, AEB gerra zibil odoltsu batean murgilduta dago. Gerrako kazetari eta argazkilari talde batek Washingtonerako bidaia egingo du errepidean; Jessie (Cailee Spaeny), Joel (Narcos telesailean Pablo Escobar gorpuzteagatik ezagun egin zen Wagner Moura), Sammy (Stephen McKinley Henderson) eta guztien buru den Lee (aurkezpenik behar ez duen Kirsten Dunst aktoreak gorpuztua). Road movie baten tankeran, kaosean murgildutako herrialde baten irudiak eta testigantzak bildu beharko dituzte. Aparta iruditu zait, zenbaitetan Children of Men gogorarazi dit, eta hori asko esatea da.

Oso gustuko dudan bere beste film bat Ex Machina den arren, pelikulak albo batera utzi eta pantaila txikira egingo dut jauzi. Oso gutxietsia izan den telesail bati gorazarre hitzak eskaini nahiko nizkioke: Devs. Oroitzen naiz konfinamendu garaian ikusi nuela telesaila, eta buru hausgarri existentzial zoragarria iruditu zitzaidala. Zientzia-fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria da. Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologiko batean egiten dute lan, Amaya izeneko batean. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan errekrutatzen dute. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela susmatzen du. Amayaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da; ondorio beldurgarri eta latzekin topo egingo du. Desafiatzailea, dotorea eta bisualki hipnotikoa iruditzen zait. Zientzia-fikziozko pieza dotore eta oso pertsonala izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller moduan planteatua dago. Hainbat kontzeptutan sakontzen du, gainera: determinismoa, hautapen askea, ingeniaritza kuantikoa, eta adimen artifizialaren mugak, besteak beste. Erantzunak eman baino gehiago galderak sortzen dituen thriller teknologikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.