urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Aitek ez dute

2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostiralean estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoetan Borja Kobeaga gidoilari eta zinemagilearen film berria: Los aitas. Izenburuaz egin daitezke hainbat txantxa, baina, tira, okerrena da pelikulak irauten duen denbora osoan ez dagoela barre egiteko kontu jostari bakar bat ere. Muturreko sentimentalismoz zipriztindutako zinta eskasa bezain zaharrunoa da. Eta ez zaharra istorioa 1989an girotuta dagoelako, baizik eta pelikularen tonuak gehiago duelako Paco Martinez Soria aktorearen lan batetik —1981ean egin zuen azkeneko filma— gaur egungo zinemagintzatik baino.

Bilboko langile auzo batean abiatzen da istorioa. Neska talde batek Berlinera joan behar du, gimnastika erritmikoko txapelketa batera. Amekin joatekoak dira, baina ezusteko bat gertatuko da, eta aitek joan beharko dute alabekin autobuseko bidaia luzean. Bistan da zinemagileak irudikatu nahi duela garai batean aitek seme-alabekin zuten jokabide absentea, eta horri emandako bueltan eraiki nahi duela istorioa. Baina filmak ez du funtzionatzen, ez narratiboki, ez pertsonaien marrazketan, ez elkarrizketetan... Beste lan batzuetan iradokitzailea izaten da, bestalde, Aranzazu Callejaren musika, baina oraingoan oso bideratua dago sentimendu jakin batzuk sorraraztera, eta kargatik du gehiago ikusleari zirrara sentimenduak eragitetik baino.

Los aitas filma
'Los aitas' filmaren fotograma bat. DAVID HERRANZ

Bada bitxikeria bat filmean —ez da gertatzen den okerrena—, aipatu beharrekoa: istorioko neska-mutikoak auzo berekoak dira, eta aita erdaldunak dituzte, baina desberdin ahoskatzen dute aita hitza: batzuentzat, aíta da; eta besteentzat, aitá.

Dena dela, euskaraz entzuten den esaldirik luzeena gimnastika irakasle alemaniarrak ahoskatzen du: «Oso ondo».

Los aitas filmak Euskal Telebistaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirua jaso du. Eta halakoetan, Ramon Agirrek azkeneko elkarrizketetan esaten duena gogoratu beharko litzateke: «Guztiari ezin zaio euskal zinema deitu».

Los aitas filma
Ramon Barea aktorea, Los aitas filmean.

Amek badute

Laura Weissmahr aktoreak egiten du Los aitas filmean aipatutako gimnastika irakasle alemaniarrarena. Haren interpretazioa da filmean salbatzen den gauza bakanetakoa. Dena den, Weissmahr askoz hobeto eta indartsuago dabil Salve María filmean (Mar Coll, 2024). Movistar Plus plataforman ikus daiteke lan interesgarri hori; hain zuzen ere, Katixa Agirreren Amek ez dute eleberrian oinarrituta dago, eta Coll zuzendariak ederki asmatzen du istorioa pantailaratzen. Suspense itogarri batean murgiltzen du zinemagile katalanak: bada hor gidoi on bat, bada zinema egiteko begirada interesgarri bat, eta bidean laguntzen du Weissmahr aktoreak egiten duen interpretazioak ere —aktore hasiberri onenaren Goya saria jaso zuen—.

Bada, gainera, Salve María-n eszena bat ikaragarria. Ikara sortzen duelako, bai, baina transmititzen duen guztiak sekulako indarra duelako. Ez da erraz ahazten diren horietakoa.

Salve Maria filmeko fotograma bat
Laura Weissmah aktorea, 'Salve Maria' filmeko fotograma batean. BERRIA

Amatasunaren inguruan azkenaldian pantailan ikusi den proposamen iradokitzaileenetakoa da Salve María —jatorriz katalanez da—. Zinema areto komertzialetan oihartzun txikia izan zuen. Espainiako Zinema Informatzaileen Elkarteak urteko film dramatiko onenaren Feroz saria eman zioten, baina, hala ere, kalitate askoz ere txikiagoa duten beste ekoizpen batzuen inguruan askoz gehiago hitz egin dute Espainian eta Hego Euskal Herrian azkeneko hilabeteetan.

Gasteizen, bederen, apirilaren 1ean Artium museoan proiektatuko dute Salve María, eta han izango dira solasean Mar Coll eta Katixa Agirre.

'Salve María' filmaren trailerra.

Bada, bestetik, Kobeagaren beste lan bat —Diego San Joserekin batera sortutakoa— Amazon Prime Videon estreinatu berri dena: Su majestad. Barre apur bat gehiago sorrarazten du Los aitas-ek baino (Anna Castillok laguntzen du horretan). Hala eta guztiz ere, gomendio hobea da Movistar Plusentzat Mar Collek egin zuen Matar al padre telesaila. Crossover telesailen jaialdian aurkeztu zuen lan hura. Eta, adi: bihar hasiko da Donostian Crossover jaialdia. Disfrutatzeko astea izango da telesailen zaleentzat. Kasurako, etzi Twin Peaks-en lehen atala pantaila handian ikusi ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.