gorka julio
'Irlen sarea'

Ahots-robotak

2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Tom Parkersonen Vocal Robots testuak ahots-teknologiek lan-eremuan duten eragina aztertzen du. Bereziki dei-zentroetan jartzen du arreta, non adimen artifiziala giza operadoreak ordezkatzen ari den. Grace izeneko ahozko AA aurreratu bat, zerbitzu oso eraginkor eta pertsonalizatua eskaintzen duen arreta sistema, aztertzen du testuan.

Horri lotuta, Franco Bifo Berardik bere lanetan teknologia berriek eta pantailen erabilera intentsiboak gure kognizioa eta soziabilitatea eraldatzen duten mutazio antropologiko baten berri ematen digu. Berardiren esanetan, hiperkonektibitateak eta digitalizazioak eragin sakona dute gure arreta, memoria eta pertsonen arteko harremanetan. Parkersonen artikuluan azaltzen dutenetik ondoriozta daiteke Grace moduko ahots-teknologiek, mutazio hori gorpuzten dutela. AA hauek lan errepikakorrak eta monotonoak zehaztasunez egiteaz gain, inprobisazioa eta giza enpatia ere errepikatzen saiatzen direlako orain. Parkersonek fenomeno horri «pertsonalizazio sintetikoa» deitzen dio.

Hala ere, makina horiekiko elkarreraginak artifizialtasun- eta mesfidantza-sentsazioa ere sor dezake, eta eragin negatiboa izan erabiltzaileak elkarrekintzen benetakotasunari buruz duen pertzepzioan. Gero eta tentsio handiagoa dago eraginkortasun teknologikoaren eta giza benetakotasunaren artean. Berardik planteatzen duen mutazio antropologikoa martxan dago, baina oraindik ere badaude esperientzia «errealaren» ilusiotik ateratzen eta ohartarazten gaituzten glitch modukoak, akats edo pitzadurak.

Eraldaketa teknologiko horiek lana gehiago alienatzen eta prekarizatzen dute; izan ere, giza komunikaziorako gaitasuna programatu eta merkaturatu daitezkeen trebetasunetara murrizten baita. Hau da, giza esperientziari bere anbiguotasuna kentzen zaio, iragarri daitekeen fenomeno sasi-errobotiko bihurtuz. Egia da, aldi berean, lan horietan ari diren pertsonak aspaldi deshumanizatu ditugula, eta ez dugula beraiengan benetakotasunik edo humanitaterik bilatzen. Pertsona bat makina batekin ordezkatua izan aurretik, pertsona horrek egiten duena ere sasi-errobotiko bihurtzen da kasu askotan. Call center eta arreta-zerbitzuetan gertatzen ari da orain, baina prozesua errepikakorra izan da historian zehar ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.