Bread & Roses Jennifer Lawrence aktoreak eta Malala Yousafzai ekintzaileak ekoitzitako dokumental bat da, Sahra Mani zinemagileak zuzendua; talibanek boterea hartu ondoren Afganistango emakumeek izan duten erresistentzia islatzen du, baita haien egoera latza ere.
Abuztuan hiru urte bete dira AEBko azken soldaduek alde egin eta talibanek Afganistango boterea hartu zutenetik. Gaur-gaurkoz, han bizi diren emakumeek ezin dute lanik egin, ezin diete gizonei begietara begiratu senidea edo senarra izan ezean, 12 urtetik aurrera ezin dute ikasi, ezin dute garraio publikoa erabili gizonezkorik ondoan izan gabe, ezin dute gidatu, eta ezin dute gorputz atalik bistan utzi, besteak beste.
Euren eskubideen eta duintasunaren alde borrokatzeko erabakia hartuta eta talibanen gobernuari publikoki kontra egiteko asmoz, emakume askok manifestazioak eta protestak antolatzea erabaki zuten. Afganistango aktibistek genero apartheid izendatu duten zapalkuntza sistematikoa da.
Apple TV Plus plataforman estreinatu berri den dokumentalak Talibanen erasoaren ondorengo urtean hiru emakumek izandako esperientziak aztertzen ditu: Zahra, kontsultategia ixteari uko egiten dion dentista; Sharifa, lanetik kaleratu eta etxean giltzapetu duten funtzionario publiko ohia; eta Taranom, Pakistandik erbesteratu duten emakumea.
Zentzugabea da lan hori ohiko ikuspegi kritiko zinematografiko batetik aztertzea; nabaria da dokumentala presaka eta ia prestakuntzarik gabe osatu dutela, baina ezin zen beste modu batean izan. Bizpahiru plano orokor salbu, ikusten ditugun irudi gehienak kalean eta etxeetan egindako grabazio klandestinoak dira, sakelakoekin edo etxeko kamerekin grabatuak.
Azaltzen dena latza eta gordina bada ere, dokumentalak ez du soilik egiten etengabe pairatzen duten sufrimenduaren erretratu bat: erresistentzia eta ahizpatasuna azpimarratzen dira bereziki, emakume hauen indarra, kemena eta ausardia.
Oso zaila da herrialde hartan edozein dokumental egitea; pentsa, beraz, emakumeen zapalkuntza salatzen duen bat egiteak zer ekarri duen: Bread & Roses bezalako lan bat existitzea mirarizkoa da. Zapalkuntza tradizioz mozorrotzen den mundu batean, dokumental horrek erresistentzia oihu bat azaleratzen du.