Goizetik esnatu zen, betiko legez. Kafea prestatzearekin batera, eguna alaituko zion pilula irentsi zuen. Egun onak eman zizkion Lorelei izeneko robot euskaldunak. Baziren hiru urte jada bigarren eskuko Internet bidezko denda batean erosi zuela, prezio onean gainera. Elkar ederto ulertzen zuten.
Ohi bezala, autobus geralekura abiatu zen, oinez. Garaiz iritsi zen. Buseko ateak ireki eta barrura. Oraindik arraroa egiten zitzaion gidaririk ez izatea bertan, haiek agurtzeko ohitura barneratua baitzuen. Izango ziren lau bat urte Aldundiak autobusetatik gidariak kentzeko erabakia hartu zuela.
Jesarlekua bilatu, eseri, eta soinean zituen betaurreko adimentsuak ingurukoen informazioa eskaintzen hasi ziren. Gogoratzen zuen txikitan Dragoi Bola izeneko marrazki bizidunetan antzeko tramankuluak erabiltzen zituztela.
Aurrean zuen gizon bizardunari buruzko informazio interesgarria eskaini zioten betaurrekoek. Gizonezkoaren izen-abizenak: Paul Torregarai Recuenco. Gaztetan, manifestazio baten osteko istiluetan atxilotu zuten bizardun hura. Epaile batek berretsi baino ez zuen egin, adimen artifizialak proposatu zuen sententzia. Handik urteetara, kartzelatik irten eta irakasle gisa hasi zen lanean errebeldea, Navarre-Basque Country University-n.
Begirada beste leku batera bideratu zuen. Busean zutik zegoen emakumearen inguruko informazioa eskatu zion sudurraren gaineko makinari. Betaurrekoek zera zioten pantailan: «Informaziorik ez». Argi zegoen, beraz. Premium kategoriako harpideduna zen emakume misteriotsua. Hilean 499 euroren truke, posible zen norberaren inguruko informazioa besteen aurrean ezkutatzea.
Autobusaren ateak ireki ziren. Ibilgailutik jaitsi eta institutura abiatu zen. Kamera batek haren aurpegia aztertu eta bertako irakaslea zela baieztatu zuen. Atea parez pare ireki, sartu, eta haren atzetik ikasleak otzan sartzen hasi ziren.
Urteak ziren Espainiako Gobernuak ikasle bakoitzari abatardun txatbota eskaintzen ziola. Multinazional batekin adostutako akordio borobila zen. Ondoren, autonomia-erkidego bakoitzak, txatbot ereduaren izena erabaki zezakeen.
Korridorean, Pink Floyd taldearen Another Brick in the Wall abestia entzun zitekeen, chill lo-fi estiloan. Goizeko zortziak ziren eta ikasle bakoitza bere besaulki goxoan zegoen eserita. «Egun on, denoi. Ireki mesedez, atzokoan burmuinean gorde zenuten azken fitxategia».