gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Adin ertaineko emakumeak zer?

2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

2005. urtean bazen oso gustukoa nuen telesail bat: Weeds. Protagonista Nancy Botwin adin ertaineko emakumea zen. Ustekabean, marihuanarekin sekulako negozioa sortuko du. Urte horietan, adin ertaineko emakumeak zer gutxi eta zer trakets zeuden irudikatuak fikzioan, ezta? Telesail hori, The Good Wife eta Desperate Housewives-ekin batera, salbuespenak iruditzen zaizkit nagusiki gizonezko protagonistez jositako fikziozko ozeano zabal horretan; hortxe dituzue, adibidez, The Sopranos, The Wire, Mad Men edotaBreaking Bad.

Hausnarketa hau piztu izanaren erantzulea orain egun batzuk ikusi dudan telesail bat izan da: Carol & the End of the World.Planeta misteriotsu batek lurraren aurka talka egingo duela iragarri dute; mundua amaitzeko zazpi hilabete baino gutxiago falta dira. Gizateria osoak onartu duen zerbait da eta geratzen diren hilabete horiek, nahi duten guztia egiteko aprobetxatzen dituzte, ametsik zoroenak zein basatienak betetzeko prest ageri dira. Tira, guztiak 42 urteko Carlol protagonista izan ezik. Carolek nahi duen bakarra lasaitasuna da, errutinarekin jarraitzea eta eroso eta seguru sentitzen den gune horretatik ez ateratzea. Araurik gabeko gizarte batean, zeinetan edozer egiteko askatasuna dagoen, Carolek errutina besterik ez du nahi. Talka edo hondamendiaren premisa hori gai jakin baten inguruan hausnartzeko erabiltzen den trikimailu narratiboa baino ez da: zein da tragedia edo ezbehar baten aurrean askok izaten duten bizitza-planteamendua edota erakusten duten jarrera? Istorio osoa harilkatzen duen erdiguneko gaia talka gertatzeko falta diren hilabeteak izan arren, atalen erdiak baino gehiago egoera jakin batean zentratzen dira, eta Caroli zein inguruko pertsonaiei nola eragiten die erakusten du. Animazio lan aparta, errutinari eskainitako maitasun-gutun polita eta oso berezia iruditu zaidan protagonista.

Telesaila amaitu dudanean ohartu naiz —oraindik lanketa oso sakona egiteke dagoen arren—, zorionez, azken urteotan aurrerapausoak egin direla, 40 urtetik gorako emakume pertsonaia gehiago topatzeaz gain, protagonistak ere badirelako:Hierro, Big Little Lies, Sharp Objects, The Handmaid's Tale, Hacks, Somebody Somewhere, Mare of Easttown, Somewhere, Happy Valley

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.