Lide Hernando.
'Ekografiak'

Abandonatuak

2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Adiskidetasunaren arrakalak azaleratzen dituzten fikziozko lanek barruraino harrapatzen naute. Asko markatu nauten zenbait esperientzia izan ditudalako, agian, baina zerbait dute horrelako lanek atal bat bestearen atzetik ikustera naramana: adiskidetasunak ez die jarraitzen maitasun harremanek dituzten arau zurrunei, eta beraz, iheskorragoa, geruza askokoa eta aldakorragoa izan ohi da. Eta badakit gaurko zutabera ekarri dudan telesaila jende askok ez lukeela adiskidetasunarekin lotuko, baina niretzat hala izan da bete-betean.

Disney Plus plataforman topa daitekeen Under the bridge: the murder of Reena Virk telesailaz ari naiz. Benetako gertakari batean oinarritua, lan horrek Reena Virk indiar-kanadar gaztearen hilketaren nondik norakoak kontatzen ditu, zeinarengatik zortzi nerabe atxilotu baitzituzten, zazpi neska eta mutil bat. Telesailak paraleloan kontatzen ditu, batetik, hilketa horren ikerketan topo egiten duten poliziaren eta idazlearen arteko harremana, eta erailketan nahastuta ibili diren nerabeen arteko harremana. Eta biak, hogeita hamarrak beteta dituzten lehenengoena eta hogeiak beteta ez dituzten bigarrenena, iruditu zaizkit interesgarriak. Miresmena, erakarpena, traizioa, inbidia, jazarpena, bazterketa, kolektibotasuna eta leialtasuna, gizatasunarekin lotutako kontzeptu gehienak topatuko dituzue telesail honetako harreman-sarean harrapatuta.

Eta telesaila are interesgarriago egiten duena gizarteak baztertutako nerabeen arteko harremanen argi-ilunak lirateke. Azken finean, Reena Virken erailketan nahastuta ibili ziren nerabeak Seven Oaks izeneko harrera-etxe batean bizi baitziren. Telesailak errespetuz eta inteligentziaz aztertzen du gazte horien abaniko psikologikoa: abandonuari aurre egiteko gangster hotza izan nahi duen Joe, familia aberatsean jaiotako eta jokabide psikopatikoak dituen Kelly, edota amorrua gaizki kudeatzearen damua igarotzen ari den Dusty sentibera. Horiekin parez pare, ostera, jatorri indiarra duen eta Jehovaren testiguen familia batean bizi den Reena gaztea, haiekin enkajatu nahian akatsen bat edo beste egiten duena. Gainontzean true-crime ohikoa izan daitekeenaren interesgarriena, nire ustez, laukote horretan eta eurak gorpuztu dituzten aktoreetan datza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.