Urtea estreinatu dugu, eta koaderno berria zabaltzen dudan bakoitzean izan ohi dudan antzeko sentipena dut, idazteko dauden istorio berriak zabaltzen direla orrialde zurietan, eta ziur nago bidean orban asko ere izango direla, baita bikain jositako paragrafoak ere. Finean, ordea, ez da ezer aldatu zenbakiaren aldaketarekin, baina ilusio hori izan ohi dugu, «urte berri on» esatea zahar geratuko den artean, gutxienez.
Aspaldian, egutegiaren aldaketarekin irrati askok egokitzapenak egiten zituzten, arrakasta handirik izan ez zuten saioak kenduz, atal berriak gehituz edo ahotsak aldatuz… Irailean programazio berriak aurkezten ziren arren, urtarrilean bigarren aukera zegoen doitze batzuk egiteko. Halakorik topatu ezean, hasi dugun urte honetarako aurreikuspenen artean, EITBk iragarri duenaren arabera, hurrengo asteetan Guau audio plataforma martxan jarriko dute; bertan kate publikoak eskaintzen dituen irratsaioak eta podcastak topatzeaz gainera, euskarazko audio ekoizpenak eskainiko dira, horietako batzuk plataformarako ekoitziak edota lankidetzan egindakoak. Bestetik, badirudi oraindik itxaron beharko dugula Bermeoko Itsuki bueltan izan arte, nahiz eta irailean itzuleraren berri izan genuen. Ea laster uhinetaratzen den!.
Podcastgintzan, berriz, urtea aukeraz betea agertzen zaigu. Egia esan, berezko podcasten denboraldiak laburragoak izaten dira ohiko irratsaioenak baino, eta aurretik ezarritako atal kopuru zehatzek osatuak. Formatu honetako saioetan askoz errazagoa izaten da aldaketak egitea, eta zenbaitetan sintonia bera ere ez da mantentzen atal guztietan; nahi baino gehiagotan, gainera, agindutako atalak bidean geratzen dira, edo hasierako asmoen porrot baten aztarna moduan geratzen dira pilotuak. Hala ere, askok aukeratzen dute adierazpide gisa.
Aurreikuspenak betetzen badira, mendearen lehenengo laurdena amaitzen den honetan ere podcastak ugarituko dira, eta publiko berriak gehituko omen dira. Istorioak, fikziozkoak edo benetakoak (misterio eta krimenenak bereziki) eta entretenimenduzko solasaldiak izango dira arrakastatsuenak, gaurkotasunezko saioen gainetik. Kirola, berriz, zuzenean kontsumitzea hobesten jarraituko dute entzuleek… Auskalo!
Amaitzeko, lerro hauetatik Sorginkeria Irratiko sorgin nagusiari nire desio onenak bidaltzen dizkiot, iragarri duen osasun arazoa gaindi dezan eta laster berriz basoko argigunean topa gaitezen.