gaizka izagirre
ETB

'11 Entzuteko'

2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Aktualitatea eta gizarte gaiak jorratzeko helburuz, ETB1ek 11 Entzuteko estreinatu du. Orio Produkzioak-ek egin du, eta, eskarmentu handiko ekoiztetxea den arren —Mihiluze, Herri txiki, infernu handi eta Itxi liburuak, besteak beste—, lehen aldia da tankerako saio bat ekoizten duela. Apirilaren 30ean estreinatu zuten, eta oso ondo funtzionatu zuen: %3,5eko ikusle kuota lortu zuen. Aurkezlea Klaudio Landa da. Aurretik ETB1en antzekoak ikusi ditugu, baina nabari da hemen zerbait desberdina egiteko intentzioa dagoela, eta hor ekoiztetxearen meritua nabarmendu behar dela uste dut. Gustura ikusi ditut lehen emanaldiak, lan txukuna egiten ari dira. Fermin Muguruzari egindako elkarrizketa asko gustatu zait adibidez; lan polita egin du Landak, eta jorratu beharreko gai asko aipatu dituzte —Itziar Ituñoren bideoaren unea zoragarria izan zen—.

Klaudio Landa aipatzen hasita, kazetari eta aurkezle ezagun horri buruz idazteko geldialditxo bat egingo dut. Horretarako, atzera begira jarriko naiz, 1999ko irailera zehazki. Ordura arte euskarazko katean jorratu gabeko late night show bat estreinatu zuten, denok ondo baino hobeto ezagutzen duzuena: Sorginen Laratza. Xabier Euzkitzek aurkezten zuen, baina inguruan zituen gainerako kideen artean Landa ere bazegoen. Ziurrenik saio horri esker hasi zen ezagun egiten, baina nik beste oroitzapen batekin lotzen dut: goizero ikastolara autobusez egiten nituen bidaia horiekin. Gaztea irratia egoten zen beti piztuta eta abestien artean aurkezleek hitz egiten zutenean, beti gogoratzen ditut Landaren esaldiak eta umore zertzeladak.Geroztik telebistan formatu desberdinetan ikusi dugu; gaztelerazko Esta es mi gente, Ni más ni menos, El programa de Klaudio edota QMC. Eta euskarazko Debatea, Oh Happy Day, Egunak egin du edota Eztabaidan.Bere ibilbidea errepasatzen hasita, sentsazioa daukat euskara dela bere eremu naturala, hor maneiatzen dela hoberen eta bertan sortzen direla bere unerik onenak. Baserria eta Jateko modukoa iruditu zaizkit hobekien funtzionatu duten saioak, eta bereziki horietan sentitu dut aurkezlea naturalen eta erosoen. 11 Entzuteko programan ere hala ikusten ari naiz; 25 urtetik gorako ibilbideak ematen dion segurtasun eta konfiantza horrekin pozik, gustura. Ibilbide luze eta oparoa izan dezala saioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.