Komunikazioa

Ana Pastorrek gaur hartuko du Jordi Evoleren lekua La Sextako gauean

'El Objetivo de Ana Pastor' estreinatuko dute gaur, 'Salvados' saioaren sasoiko azken atalaren aurretik

Ana Pastorrek pil-pilean diren gaien inguruko saioa aurkeztuko du gaurtik aurrera. LA SEXTA.
Arnaitz Lasarte.
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
La Sexta telebista kateak El Objetivo de Ana Pastor saioa estreinatuko du gaur gauean, 21:30ean. Salvados saioaren ordutegia hartuko du gaurtik aurrera, Jordi Evoleren lantaldeak gaur amaituko baitu denboraldia, 22:15ean. Ana Pastorrentzat ez da zeregin erraza izango Evolek lortutako emaitzak eskuratzea. Denboraldi honetan, Salvadosek %15eko ikus-entzule kopurua izan du. Batez beste, hiru milioi ikus-entzulerekin, La Sexta katean gehien ikusitako saioa izan da. Hainbat elkarrizketek nazioarteko hedabideen arreta bereganatu dute, gainera.

Hasieran, uda bitartean emango dute El Objetivo de Ana Pastor. Lehen asteetako harreraren arabera erabakiko dute udako programazioan eutsiko dioten, edo, udazkenean, beste ordu batean jarriko duten. Gaur-gaurko gaiak aztertuko dituzte igandero, eta saioaren ardatza «ez da iritzia izango». Pil-pilean dauden gaieninguruko datu «ahalik eta objektiboenak» aurkeztuko dituzte. Gertatzen dena «alderdikeriarik gabe» erakutsi nahi du Pastorrek: «Irla txiki bat izan nahi dugu La Sextan; joera politikoren bat erakusten badugu, onartuko dugu huts egin dugula». Datuen kazetaritzan sinesten duela dio Pastorrek: «Asko sinesten dugu ideologiarik gabeko kazetaritzan; gauzen erdigunera joan nahi dugu, gertatu dena jakin; gero, ikusleak berak atera ditzala ondorioak».

Saioa zuzenean izango da, eta, ia igandero, gonbidatu baten bisita jasoko du aurkezleak. Hiritarren boterea deitutako tartean, berriz, diru publikoaren arrastoari jarraika ibiliko dira. Diru publikotik ordaintzen diren zenbait soldataren, kontraturen eta erabakiren berri emango dute, esaterako. Horretarako, David Caboren laguntza izango du Pastorrek. CIVIO fundazioaren eta Tu derecho a saber webgunearen sortzailea da Cabo, Espainian gardentasuna gehien ikertu dutenetako bat. Fact Check-a da saioaren beste berritasunetako bat: gertakizunak egiaztatzea. Datuen bidez, egiatan zein ari den, eta gezurretan zein ondorioztatzen du sistema horrek. El Objetivo saioan akatsak, anbiguotasunak eta gezurrak bilatuko dituzte politikarien adierazpenetan.

Pastorren ibilbidea

Atresmedia taldeak —Antena 3 eta La Sexta kateek osatzen dute— apirilean iragarri zuen Pastorrek haientzat egingo zuela lan. Kazetariak sei urtez TVEn egin zuen lan aurretik. 59 segundos eztabaida saioa gidatu zuen lehenik, eta 2009. urtetik iazko abuztura arte Los desayunos de TVE. Espainiako telebista publikoko zuzendaritzak kargu horretatik kentzea erabaki zuen, ordea. Beste saio bat gidatzea eskaini zioten, baina Pastorrek ezezkoa eman zien. Irailean, CNN katearentzat hasi zen lanean, politikako, kulturako, kiroletako eta beste alorretako pertsonaiak elkarrizketatzen. La Sextarako saio bat aurkeztuko duen arren,CNNrako lan egingo du aurrerantzean ere.

Pastorrek, bere kazetari ibilbidean, Espainiako eta mundu osoko politikari ugari elkarrizketatu ditu. Besteak beste, Jose Maria Aznar, Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izandakoa eta Mahmud Ahmadineyad Irango presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.