Ziberamua. Lerroburuetan amarruak edo sentsazionalismoa erabiltzea, klik gehiago eta publizitate sarrerak lortzeko. Hala definitu daiteke clickbait-a. Kontzeptua ingelesezko forman zabaldua dago munduan azken hamarkadan; lehen aldiz 1999an erabili zen hitza.
Halako amuak ez dira gutxi. Europan egin diren zenbait ikerketaren arabera, komunikabide tradizionaletan eta atari digitaletan zenbait gai eta ataletan informazioaren erdia argitaratzen dute jendeak klik egin dezan. Gaiaren garrantziaz ohartarazi du Ainara Larrondo EHUko Kazetaritza Saileko irakasleak: «Kezkaz adierazi behar dugu zenbait hedabidek alde batera utzi dituztelako kazetaritza idazketaren printzipioak, hala nola izenburua oinarrizko egitura bat dela». Irakurleari informazioa emateko eta berria eskuratzeko helburua duen lerroburua beste zerbait bilakatzen dela iruditzen zaio irakasleari: «Deigarri hutsa».
Sektorearen egoerak badu garrantzia. Duela hamarkada batzuetatik hona, datuen analisiak eta denbora errealeko audientzia metrikek gero eta gehiago baldintzatu dute erredakzio digitalen eguneroko zeregina. «Audientziaren arreta errazago erakartzen omen duten kostu txikiko gai edo eduki jakin batzuk lehenesten dira», azaldu du Larrondok. «Jardun ildo horretan, kazetaritza mezuetan hizkuntza, ikusmen eta emozio arloko zenbait estrategia lehenetsi egiten dituzte enpresek». Eta lerroburuen kasuan, gehien erabiltzen diren estrategietako bat da clickbait-a.
Lluis Codina Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasleak azaldu duenez, clickbait-a «kalitate eskaseko edukitzat» jotzen da; horrez gain, «engainuzko lerroburua» erabiltzen du. «Klika lortzeko, informazioa eskaini beharrean, itxaropen bat sortzen da. Izan ere, clickbait-aren helburua ez da informazioa ematea». Adibidetzat jo du lerroburu hau: «Etxez aldatu zirenean gertatu zitzaizkien hamar gauza beldurgarri». Beste lerroburu batzuetan hartzailearen morboarekin jokatzen dela azaldu du Codinak. Halako lerroburu bat: «Nazioarteko futbolari baten neska lagunari topless egiteak sareetan sorrarazi dizkion arazoak». Kataluniako irakasle horren iritziz, etikaren ikuspegitik iruzur bat baino gehiago dago clickbait-ean: «Batetik, edukiak ez du kalitaterik; bestetik, lerroburuak ez du bat egiten gero datorren edukiarekin; eta clickbait-ak herritarren senik txarrenak pizten ditu».
Codinaren iritziz, clickbait-ak ez luke tokirik izan behar kalitatezko kazetaritzan, inolako formatan. «Berez, ez da kazetaritza ere, baina gaitasuna du hura erabiltzen duen komunikabideari prestigioa galarazteko, nahiz eta hedabide horren beste edukiak kalitatezkoak izan».
Kazetarien Euskal Elkargoan ere kezkaturik ari dira fenomenoa aztertzen. Elkargoko dekanorde Amaia Fanok zenbait arrazoi ikusten ditu «clickbait-aren diktaduraren» zabalpenean: «Ekosistema digital berrian, artikulu baten arrakasta bisita kopuruaren arabera neurtzen da. Hedabideek irakurleak eta harpidedunak lortu behar dituzte bizirauteko, eta horrek aldaketa eragin du informazioa lantzeko orduan». Xedea zehatza da komunikazio enpresa askorentzat: «Webguneak bisita gehiago baditu, algoritmo digitalak haren alde jokatuko du, eta horrek lotura du publizitateko iragarleak lortzeko ahaleginarekin ere». Informazioa modu jakin batean egituratzera eramaten du hedabidea horrek guztiak, irakurlearen arreta pizteko.
Clickbait-aren fenomenoa eragina izaten ari da kazetaritzan. «Eta ez onerako», ohartarazi du Fanok. «Kalitatea eta kantitatea ez doaz beti eskutik». Testuinguruan jarri du azkeneko urteetan krisialdi ekonomikoek eta eraldaketa digitalak eragin handia izan dutela komunikazio enpresetan. «Publizitatea asko gutxitu da, eta berregituraketa sakonak egin behar izan dituzte. Aurrera egiteko, behar diren kontzesioak egiteko prest daude». Eta orain dena datuetan kontatzen denez, Fanori iruditzen zaio algoritmoari baino ez zaiola obeditzen. «Horrek esaten badu publiko potentziala interesatua dagoela telebistako izar baten maitasun kontuetan, zergatik ez eraman hori azalera? Arriskua hor dago».
Beste enpresen artikuluak
Egoera horren aurrean, Kazetarien Euskal Elkargoko ordezkariak argi du: «Merkatuaren legeek ezartzen dutena albo batera utzita, esperientzia eta deontologia profesionala existitzen dira. Kazetari onek badakite zer den albistea eta zer ez».
Bada amarruzko eduki gehiago ere. Codinak azaldu duenez, kalitatezko kazetaritza egiten duten zenbait hedabidek kanpotik beste batzuek egiten dituzten clickbait-eko edukiak onartzen dituzte, publizitate kontratuen bitartez. Adibidez, zenbait egunkariren webguneetan produktuak saltzeko artikuluak aurki daitezke, propio merkataritza gune handiek edo enpresa handiek ordaindutakoak —gehienetan, beste letra tipo batekin ageri dira—. «Agian hori ez da hedabideak berak edukia sortzen duenean bezain txarra, baina kaltegarria da hedabidearen izen onarentzat eta kazetaritzarentzat». Gainera, Codinak ohartarazi du irakurle askok ez dituztela bereizten eduki batzuk eta besteak. «Clickbait-a ekoizten ez duten hedabideek beste batzuen edukiak ez badituzte kontrolatzen, haien oinari tiro egiten ari dira. Baita kazetaritzari ere, bere osotasunean».
Beste kasu batzuetan, entretenimendua nahasten da kazetaritzarekin, komunikazioaren aterki berean. Baina ezin dira maila berean egon, Fanok ihardetsi duenez. «Kazetariok ez gaude digeritzen errazena eta atsegina dena zabaltzeko. Gardentasun demokratikoak behar duen moduan funtzionatu dezan egin behar dugu kazetaritza. Egia kontatu behar dugu, entzuteko prest daudenak gutxi ala asko izan».
Googleren neurri berriak
Kazetaritza enpresek eta markek errentagarriak izan behar dute. «Baina kalitatezko edukiak izan behar dute», esan du Larrondok. Haren iritziz, kliken bila aritzea ez da estrategia ona epe ertain eta luzera begira. Codinaren arabera, komunitatea sortzeko ahaleginean ari dira hedabide asko, eta horiek «kalitatezko edukien aldeko apustua» egin beharra dute.
Interneteko plataforma handiak fenomenoari adi daude. Albiste faltsuen auziak ere izan du eragina horretan. Esate baterako, duela egun gutxi Google bilatzaileak erabaki bat hartu du: ingelesezko bilaketetan, Googlek helburutzat izango du web ofentsioak murriztea, eta eduki originalak eta kalitatezkoak lehenestea.
Codinak azaldu duenez, urte asko dira Google algoritmoetan aldaketak egiten ari dela. Ustez, bide berean: edukien sailkapenetik kalitate txarreko edukiak desagerraraztea. «Baina Googlek ez du horrela jokatzen altruismoz. Hala egiten du bestela erabiltzaileak galtzen dituelako». Pompeu Fabrako irakasleak gogorarazi du bere garaian algoritmoan aldaketa bat egin zutela sailkapenetik albiste faltsuak kentzeko. «Dirudienez, orain analisi faltsuak eta kalitate txarreko edukiak argitaratzen dituzten guneak ezabatu nahi dituzte». Esperientzia, autoritatea eta konfiantza duten iturriekin landutako edukiak lehenetsi nahi ditu Googlek. Larrondori iruditzen zaio Googlek eta beste plataforma handiek horrelako mugak ezartzeak eragina izan dezakeela komunikabideen jardueran. «Clickbait-aren fenomenoari aurre egiteko, kazetaritza enpresa publiko eta pribatuek ez dute ahaztu behar hausnarketa propioa beharrezkoa dela, eta elkargo eta elkarte profesionalekin eta esparru akademikoarekin elkarrizketan egin dezakete hori». Fanok ere uste du kalitatezko edukiak sustatzeko har daitezkeen neurriak onak izan daitezkeela. Ordea, esanguratsutzat jo du Interneteko sare sozialetan zabaltzen diren edukien maila eskasa: «Sareetan zabaltzen diren eduki asko hutsalak dira eta fribolitatez beteak daude, baina albiste kategoria hartzen dute».
Hala eta guztiz ere, Fano baikordago kazetaritzaren etorkizunarekin: «Denborak bere tokian jarriko ditu gauzak». Egunkari askok ordainpeko harpidetza digitalaren bidea hartu dute. «Egunkariek nahi baldin badute irakurleek harpidetza ordaintzea, kalitate handiagoko produktua eskaini beharko dute. Horrek ez du esan nahi derrigor produktu masiboa izan behar duenik», gaineratu du Kazetarien Euskal Elkargoko dekanordeak. «Erreferentziazko hedabide handien jabeek eta zuzendariek badakite ondo egindako lanak prestigioa ematen duela, eta horrek luzaroan irakurleen fidelizazioa ekartzen duela».
Larrondok gogoratu du webguneak daudenetik hedabideek lan handia hartu dutela eduki berritzaileen eta teknologien abangoardian egoteko, salmenta estrategiak beren gain hartzeko. «Baina borroka hori gehiago bideratu daiteke kalitatezko edukien garapenera, hori baita audientziak gero eta gehiago eskatzen duena». Codinak uste du hedabideak direla toki aproposenenean daudenak «kazetaritza ona» egiteko, «egiaztatzearen kultura» ere hori baita. «Esperientzia, autoritatea eta konfiantza hirukoa bete-betean lantzea funtsezkoa da». Fanok, bide berean, zera ohartarazi du: «Edukiaren kalitatea hil edo bizikoa da lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu, eta gure buruari kazetari deitzen jarraitu nahi baldin badugu».
Amuak, klikatzeko
Askotariko atari digitalek eta hedabide tradizionalek 'clickbait' estrategia erabiltzen dute: amarruak eta engainuzko lerroburuak kalitate eskaseko edukiekin, klikak lortzeko. Hiru adituk esan dute fenomenoa eragina izaten ari dela kazetaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu