2000. urtean hasi zen Irulegiko Irratian lanean Kattalin Idanburu esataria (Iholdi, Nafarroa Beherea, 1966). «Pozik» dago Amikuzeko Irratiaren sorrerarekin —eskualdea 27 herriz osatua da—.
Zein izan da arrazoi nagusia Amikuzen irrati bat sortzeko?
Irulegiko Irratiaren estudioa Donibane Garazin dugu. Nafarroa Beherea osora iristeko helburua daukagu. Amikuze eskualdea ingurune nahiko jendetsua da, jarduera handia dauka, baina irratia ez zen han presente. Euskararen alorrean eskualde horretan zerbait egiteko beharra ikusi genuen. Bada lan bat egiteko. Zazpi hilabetez iraun du prozesuak.
Laguntzaile asko izan dituzue prozesu horretan, ezta?
Bai, irratiko langileen artean egin genuen gogoeta, baina baita Amikuzeko herritarren artean ere. Esaten zuten ahaztuak genituela, eta haiek badutela dinamika bat.
Irekitze ofiziala duzue gaur. Nolako emankizuna egingo duzue?
Emankizunak 11:00etatik 13:00etara iraungo du, Donapaleuko [Nafarroa Beherea] estudio berritik egingo dugu zuzenean, eta Euskal Irratietan guztietan entzungo da. Auzapezak eta kultur munduko pertsonak mintzatuko dira.
Amikuzeko irratiaren ohiko emankizunak astelehenean hasiko dira. Nolako edukiak entzungo dira?
Lehenbizi, 09:00etatik 10:00etara animazioa izanen da; tokiko elkarrizketa bat entzungo da, kronikak egongo dira... Astelehenetan, 13:00etatik 14:00etara Amikuzeko kirolaz ariko dira. Bestetik, egunero 18:00etatik 19:00etara beste saio bat egingo dute Donapaleutik. Hor albisteak entzungo dira, baita gomitak eta musika ere.
Beste eskaintzarik egingo dute Donapaleuko estudio berritik?
Bai, Euskal Irratien federazio osorako kantu eskaintzak Donapaleutik aurkeztuko dituzte goizero, 10:00etatik 11:00etara. Amikuzeko Irratiko esatari nagusia Artzen Letona izango da, eta beste bi laguntzaile izango ditu estudioan: Jone Barnetx eta Marie Agnes Gorostiaga.
Donapaleuko estudioari azken ukituak eman dizkiozue aste honetan. Dena prest?
Bai, dena bukatua da. Herenegun teknikariak izan ziren, dena prest izateko. Luze egin dugu lan, estudioa martxan jartzeko.
Zer ekarpen egingo die Amikuzeko Irratiak Euskal Irratiei?
Irulegiko Irratia gehiago da konzentratua Garazin eta Baigorrin, eta, orain, Amikuzeko biziaren berri eman ahalko da alor guztietan. Eskualdeko kronika egileek ere izango dute zer esan, eta herrietako istorioak eramango dituzte irratira. Irrati bakoitzak bere gaiak eta saioak ematen ditu, eta, orain, estudio berri bat izateak harreman gehiago sortuko ditu entzuleekin. Amikuzeko entzuleek hurbiltasun falta sumatzen zuten. Irrati propioa nahi zuten.
Internet bidez ere entzun ahalko dira Amikuzeko Irratiko saioak?
Bai, oraingoz Irulegiko Irratiaren webgunean bertan entzungo dira. Urratsez urrats goaz, eta Amikuzeko emankizunak Nafarroa Beherekoak direnez, Irulegiko webean integratuko ditugu. Iaz berritu genuen ataria, gainera. Esperantza dugu Amikuzeko Irratia ondo martxatuko dela.
Herritar askok diruz laguntzen dute irratia, ezta?
Irulegiko Irratiaren urteko kanpainaren abiatzea otsailaren 10ean egingo dugu. Egun horretarako ekitaldi berezi bat antolatuko dugu. Herritarren ekarpena Amikuzeko proiektua laguntzeko ere izanen da.
Irratiak, oro har, hedabide gisa etorkizunik ba al du?
Uste dut, baietz. Webgunearekin jabetzen gara herritar askok emankizunak ez dituela zuzenean entzuten, baizik eta gero podcast-en bidez. Baina esan behar da barnealdean laborantza munduko jende asko bizi dela. Jende horrek irratia entzuteko ohitura gorde du, etxean zein arditegietan eta traktoreetan. Hori errealitate bat da. Irratiak barnealdean indarra du oraindik, eta herrietarrek hala esaten digute.
Kattalin Indaburu. Irulegiko Irratiko koordinatzailea
«Amikuzeko entzuleek hurbiltasun falta sumatzen zuten»
Amikuzeko Irratiak —Irulegiko Irratiaren adar bat da— gaur egingo du lehen saioa Donapaleutik. Indaburuk iragarri duenez, etzi ekingo diote eguneroko programazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu