Amets Arzallusekin amaituko da 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldia

Denboraldi honetako azkeneko atala bihar emango du ETB1ek, 21:00etan. Bertsozale Elkarteak 34 atal ekoitziko ditu datorren denboraldian, aurten baino bi gehiago.

Amets Arzallus 'Hitzetik hortzera' saioan. BERTSOZALE
Amets Arzallus 'Hitzetik hortzera' saioan. BERTSOZALE
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Amets Arzallus bertsolariak Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuenetik 25 urte bete dira aurten —oraindik ez zen Xilaba antolatzen—, eta, efemeride hori aitzakiatzat hartuta, Senpereko Larraldea etxean (Lapurdi) elkartu dira Arzallus eta Mirari Martiarena aurkezlea denboraldiko azken Hitzetik hortzera ontzeko. ETB1ek bihar emango du ikasturte honetako azkeneko atala, 21:00etan. Baina ziurra da bertsolaritza programa Euskal Telebistako programaziora itzuliko dela udaren ostean.

Biharko atalean, Hendaiako (Lapurdi) bertsolari ezagun horrekin ariko dira solasean, eta haren ibilbidean barna bidaiatuko dute, hainbat bertsoaldi gogoratuz. Jexux Arzallus bertsolariaren semea izanik, umetatik izan du lotura bertsolaritzarekin. Amets Arzallusek bertsoarekin dituen lehen oroitzapenez hitz egingo du, eta bertso eskolako garaiak gogoratu, baita Joxe Agirre bertsolaria miresten zuen garaiko bizipenak ere.

Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, bertsolaritza eta bertsoa «etengabeko bilaketatzat» dauzka Arzallusek. Bilaketa horretako bideaz, bidea aurkitzeaz eta bidean galtzeaz, txapelketak sortzen dituen gorabeherez eta bertsoa ulertzeko moduaz ariko da hizketan Martiarenarekin. Plazako jardunean ere sakonduko du, eta eskaini nahi duenari buruz hausnartu.

Arzallusek eta Martiarenak Ipar Euskal Herriko bertsolaritzari ere begiratuko diote solasaldian; Xilaba bertso txapelketari eta datorren bertsolari eta bertsozale belaunaldiari ere bai.

Amets Arzallus 'Hitzetik hortzera' saioan
Amets Arzallus eta Mirari Martiarena, Senperen, Hitzetik hortzera saioa grabatzen. BERTSOZALE

Gaizka Azkarate Hitzetik hortzera saioko zuzendariak nabarmendu du «programa ezin hobea» osatu dutela denboraldiari amaiera emateko: «Amets Arzallus oso gertuko ikusiko dugu, eta zintzoki hitz egingo digu bertsolaritzak pizten dion horri buruz».

Gero eta atal gehiago

Aurten Hitzetik hortzera saioak aurreko denboraldian baino sei atal gehiago izan ditu. Azkaratek iragarri duenez, datorren denboraldiak aurtengoak baino bi atal gehiago izango ditu: 34 guztira. «Telebistan, beste pauso bat izango da bertsolaritzaren zabalkundeari dagokionez. Gure ustez, garrantzitsua».

Denboraldi honetan bertso musikatuekin egin duten lana nabarmendu du saioko zuzendariak: «Musika modernoa eta urbanoa bertsoarekin uztartzeko ahalegina egin dugu, eta bertsozaleei asko gustatu zaizkie sorta musikatuak». Hamar pieza ekoitzi dituzte, eta ikusgai daude Bertsoa.eus atarian; era berean, denboraldi honetako atal guztiak EITBren Nahieran zerbitzuan ikus daitezke. Udaren ostean, bertso musikatuen sortek leku propioa izango dute berriz ere. «Eta berrikuntzak ere izango dira atal horretan», gaineratu du Azkaratek.

Irailean hasi eta apirilera bitartean, Martiarenak 32 pertsona elkarrizketatu ditu Hitzetik hortzera-n. Horrez gain, hirurogei bertso saio baino gehiago eman dituzte. «Bertsolari andanari eman diogu ikusgaitasuna. Lantaldea ohartzen da programaren jarraitzaileen parte batek bertsolaritzarekin duen harremana Hitzetik hortzera bera dela, eta, beraz, gure helburua da astero-astero ahalik eta programa askotarikoena eta osatuena prestatzea», aipatu du Azkaratek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.