Asko idatzi da duela 500 urteko Amaiurko batailari buruz. Liburuak, ikerketak, tesiak, artikuluak... BERRIA bera erreportaje sorta zabala argitaratzen ari da aste honetan 1522ko gudaldiari buruz. Urriagoak dira, ordea, ikus-entzunezko lanak. ETB1ek Amaiurko batailari buruzko saio bat eskainiko du bihar, 22:30ean: Amaiur, azken nafarrak. Gaizka Aranguren historialari eta kazetariak aurkeztuko du. Orio ekoiztetxeak egin du programa.
Historiari buruzko saioak ez dira berriak, ez Arangurenentzat, ez Orio ekoiztetxearentzat. Haiek egin dituzte Itxi liburuak saioak: historiako gertaerei buruzko saio didaktikoak, Arangurenek berak gonbidatu ezagun batekin bideratuak.
Amaiurko batailari buruzko saioaren estiloa antzekoa izango da, baina ez du gonbidatu ezagunik izango. Arangurenek emango ditu azalpenak, eta adituek erantzungo dituzte haren galderak. Itxi liburuak saioan, gonbidatuak eskola ematen zien hainbat gazteri; Amaiur, azken nafarrak saioan, Arangurenek berak emango die eskola hainbat laguni. Amaiurko oroitarria ikasgela bihurtuko dute.
Historialariak, Aranzadi...
Arangurenek ondoan izango ditu zenbait historialari: Peio J. Monteano, Pello Guerra, Amaia Alvarez eta Roldan Jimeno. Arangurenek nabarmendu du Peio J. Monteano dela azken urteotan Amaiurri buruz gehien ikertu eta idatzi duena: «Buru-belarri ikertu duXVI. mendea». Historialariek batailan gertatu zena azalduko dute, baina baita aurretik egoera nolakoa zen eta gero batailak zer ondorio izan zituen ere.
Juantxo Agirre Mauleon arkeologo eta Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiak ere parte hartu du saioan. Aranzadi ari da Amaiurko gaztelua induskatzen, eta Agirre Mauleon da indusketaren zuzendarietako bat. Ixabel Aleman Amaiurko alkatearekin ere hitz egin dute. Azalpenez eta elkarrizketez gain, animazioa baliatuko dute Amaiurko gazteluan gertatu zena irudikatzeko.
Batailan funtsezko eta ikur izan zen pertsonaia bati buruzko azalpenak emango dituzte: Jaime Velaz de Medrano, Velaz kapitain nafarra. Haren biografia ikertzen ari da Peio J. Monteano, eta orain arte aurkitutako informazioaren berri emango du.
Ikus-entzunezko lanek historiaren eta memoriaren transmisioan duten garrantzia nabarmendu du Arangurenek: «Ikus-entzunezkoak ezinbestekoak dira transmisiorako. Pantailetara joan behar dugu; bestela, ez dago transmisiorik. Gazteei begira batez ere, baina orokorrean».
Historialari eta kazetaria ibilia da Euskal Herriko iruditeriaren erreferentzia nagusiei buruzko hitzaldiak ematen, liburuak editatzen, aurkezpenak egiten... «Baina oso jende gutxirengana iristen ginen», gogoratu du. «Ikus-entzunezkoak askoz ere jende gehiagorengana iristea ahalbidetzen du, baldin eta zabalpena behar bezala egiten bada, jakina». Alde horretatik, Arangurenek uste du Euskal Herriaren iragan komunaren mugarri gehienak «hankamotz» daudela ikus-entzunezko lanei dagokienez: «Horregatik dago hain transmisio eskasa».
Amaiurko bataila, ETB1en
'Amaiur, azken nafarrak' emango dute bihar, 22:30ean, Gaizka Arangurenek aurkeztuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu