Podcastak

Amaitu dute podcastaren festa

'Ezer ez eta festa' podcastaren bederatzi atalak entzungai daude BERRIAn eta audio plataformetan. Balorazio ona egin dute Irene Arrarats Lizeagak eta Maialen Berasategi Catalanek.

Irene Arrarats eta Maialen Berasategi 'Ezer ez eta festa' podcastaren aurkezleak. ARANTXA ARTOLA
Irene Arrarats eta Maialen Berasategi 'Ezer ez eta festa' podcastaren aurkezleak. ARANTXA ARTOLA
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

Hizkuntzari buruzko podcast bat estreinatu zuen BERRIAk apirilaren 9an. Baina ez nolanahikoa, euskararen erabilera umorez eta adibide praktikoz jantzi duen saio bizia baita Ezer ez eta festa. Atzo jarri zuten entzungai bederatzigarren atala, azkena, eta bapo: amaitu dute podcastaren festa. Bederatzi atalak BERRIAren webgunean eta audio plataformetan entzun daitezke.

Maialen Berasategi Catalan eta Irene Arrarats Lizeaga aritu dira podcasta aurkezten —BERRIAko itzultzaile-zuzentzailea eta euskara arduraduna, hurrenez hurren—, eta egunkariko euskara taldeko beste kideak izan dituzte bidaide. «Mugak muga, hitzaz hitzez aritzeko podcast bat egin dugu, didaktismotik ahalik eta urrunen, euskaraz baina euskaran bakarrik zentratu gabe, eta umore pixka batekin», esan du Berasategik. «Norbaiti zer pentsatua edo besterik gabe denbora-pasa atsegina eman badiogu, gu pozik». Dena dela, Arraratsek aitortu du uste baino gogorragoa egin zaiela: «Ez dugu izan halako lan bati ekiteko behar den denbora, baina ederra izan da lan prozesua, eta, gainera, euskara taldeko lankide guztiek hartu dute parte». Berasategiren arabera, «ikasiz-ikasiz» joan dira: «Eta ikus-entzunezko taldeko lankideen babesa eta laguntza ere izan dugu beti». Arraratsek ere azpimarratu du: «Saioak egin ahala, ikasi egin dugu, eta orain hobeto egingo genuke».

Podcastak kritika onak eta harrera beroa izan ditu. Harrituta daude bi esatariak. «Ez baikenuen espero hain harrera beroa izatea. Poz handia eman digu, eta badirudi jendeak gustura hartu duela beste ikuspegi batetik aritzea hizkuntzaz, lotsarik gabe jostatzeko gogoz, eta literatura eta pentsalariak lagun hartuta», gaineratu du Arraratsek. Entzuleen aldetik, zeinek bere atal kutunak izan ditu. Berasategik hala sentitu du, behintzat: «Entzule bati beharbada atal edo azpiatal bat gustatu zaio gehien, eta beste bati beste bat guztiz diferentea. Aniztasuna izan da alde horretatik ere, eta polita eta bitxia izan da horren berri izatea».

AEKren ekarpena

Juan Garzia idazle eta itzultzailearen esaldi bat behin baino gehiagotan erabili dute podcastean: «Hizkuntza bakoitza da esapide berezi bat». Propio eraman dute podcastera, Arraratsek nabarmendu duenez. «Ohartzen bagara hizkuntza bakoitza esateko modu berezi bat dela, hortik gauza asko ondorioztatuko ditugu, eta argi pixka bat ikusiko dugu eztabaida batzuetan». Argia umorez jantzi dute bi esatariek bederatzi aste hauetan. Kanta aukeraketa ere ez da nolanahikoa izan. Ezta aipuena ere. Arraratsek gaineratu du hizkuntzaren alderdi askori ezin izan diotela heldu. «Euskararen berezko ezaugarri batzuk hizpide izan ditugu, bai, baina hizkuntzaren adarrak askoz gehiago eta luzeagoak dira».

Astearteroko ohiko atalaz gain, Ezer ez eta festa podcastak bonus track deituriko beste atal laburrago bat izan du: Hernanialdeko (Gipuzkoa) AEK euskaltegikoek sortu dute. Tarte horrek podcasta aberastu egin duela nabarmendu du Berasategik. «Txinparta politak izan dira AEKrenak. Euskaltegira doan jende gehiena ez da agian hizkuntzazale porrokatua izango, gu bezalako friki jendea, baina hizkuntza denoi dagokigu. Halako materiala eta beste edozein gairi buruzkoa euskaraz izatea, euskaraz sortzea, garrantzitsua da hizkuntza ikasten eta irakasten ari direnentzat ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.