Ikus-entzunezkoak

Ama Dablametik ikusitako gailurra dokumental bihurtu du Kanaldudek

Himalaiako Baruntse mendira (7.129 metro) egindako espedizioa du oinarri ‘Baruntse mendiaren deia’ dokumentalak. Xiril Alvarez eta Yann Piron mendizaleak dira protagonistak, eta Kanaldude ekoizlea. Donapaleun emango dute gaur.

'Baruntse mendiaren deia' dokumentala. XIRIL ALVAREZ
'Baruntse mendiaren deia' dokumentala. XIRIL ALVAREZ
unai zubeldia
2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Makalu eta Everest mendien artean dago Baruntse (7.129 metro), Himalaian. «Aski mendi bakartua da», hasi du azalpena Xiril Alvarez mendizale eta abenturazaleak (Baiona, 1973). «Sei-zazpi egun behar dira beheko kanpalekura iristeko. Konplikatua da iristea bera, eta ez da erraztasunik azken partean». Alvarezek eta Yann Pironek iazko azaroan egin zuten espedizioa, eta hango irudiak baliatuta, Baruntse mendiaren deia dokumental saila ekoitzi du Kanaldudek. Donapaleun (Nafarroa Beherea) proiektatuko dute gaur, 20:30ean, Saint-Louis zineman —asteartean estreinatu zuten, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea)—. Bertan izango dira Alvarez eta Piron, eta solasaldi bat egingo dute amaieran. «Maite dugu amaieran jendearekin harremanetan sartzea».

Ama Dablam mendi tontorretik (6.812 metro) entzun zuten Alvarezek eta Pironek Baruntse mendiaren deia, 2022an. «Han ginelarik ikusi genuen Baruntse, eta pentsatu genuen ederra izan zitekeela hara joatea eta erreportaje bat egitea. Zergatik ez? Everest eta Ama Dablamen eskuinaldean dago Baruntse». Askotan, pentsatzea bezalakorik ez dago proiektu bat gauzatzen hasteko. Sentimendutik ere asko dauka hiru zatitan egin duten dokumentalak —ordu eta erdi irauten du denera—. «Omenaldi moduko bat ere badelako. Han inguruan hil zen lagun baten lagun bat», azaldu du Alvarezek. «Eta hari eskainitako proiektua ere bada».

(ID_13991745) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-06-18at10.55
Xiril Alvarez eta Yann Piron mendizale eta abenturazaleak, 'Baruntse mendiaren deia' dokumentalean. XIRIL ALVAREZ

Iazko azaroko espedizioa «gogorra» izan zela oroitu du Alvarezek. «Izan genituen bizipen gozoak ere, baina mendiak mugara eramaten zaitu une oro. Baina ez genuen ukan estres handirik, buruargi ibili ginen, eta ongi pasatu zen dena». Hori bai, askoz gehiago kontatzerik ez dauka Alvarezek. «Badirelako sorpresak eta ezustekoak. Baina, funtsean, abiatzea kontatzen du dokumentalak hasieran, Katmandutik mendi magaleraino hurbiltzeko lana, igoera, elurra, eskalada, alpinismoa, itzulera... Gutxi-asko, espedizio baten progresio hori guztia islatzen du dokumentalak». Ordu eta erdiko lanean ikus daiteke hilabete oso bateko lana. 

Jendea ezagutzeko bidea

Alvarezek bere burua ez dauka mendizaletzat soilik. «Abenturazalea naiz ni. Maite dut mendia, alpinismoa, mendian lasterka egitea, kayakean ibiltzea... Mundua eta jendea ezagutzeko bide bat da abentura eta mendia niretzat. Beraz, ez naiz mendizale hutsa». Besteak beste, Kanada, Islandia, Errusia, Peru, Bolivia, Bosnia, Nepal eta Albanian egondakoa da Alvarez, eta Kanalduderen hainbat proiektutan parte hartutakoa.

Kanaldudek egindako lana goratu du Alvarezek. «Ikaragarrizko muntaketa lana egin dute: irudiak, musika... Beti lortzen dute guk buruan dugun ideia hori dokumental batean gauzatzea. Lan ikusgarria egin dute oraingoan ere». Alvarez, Piron eta Jean-Luc Bremondenak dira irudiak, Mathieu Gouilliard da muntaketa arduraduna, eta Lorea Mailharrancin eta Pantxika Maitia arduratu dira itzulpen lanaz eta azpitituluez.

Alvarez eta Piron prest daude dokumentala ikusgai jarri nahi duten herri eta hirietara joateko, bertatik bertara eman ahal izateko euren esperientziaren berri. Bi abenturazaleek Baruntse ikusi zuten Ama Dablametik 2022an, eta Baruntsetik ere ikusi zituzten gailur gehiago. Askotan, pentsatzea bezalakorik ez dago proiektu bat gauzatzen hasteko... «Baina ezer ez daukagu lotuta oraindik, eta ezin dugu ezer esan». Abentura gosea ez zaie ase, ordea, eta orain ere badituzte hainbat proiektu buruan. «Gehiegi, akaso!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.