Donostiako Altza auzoan, Casares irratia sortu zuten 1991. urtean. Urteotan, irrati tailerrak egiteko baliatu dute bereziki, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. Baina lehen ez bezala, barne ekoizpeneko emankizunak izango ditu irratiak, Casares irratia Donostia Kultura irratia bilakatu baitute. Ion Olano Carlos itzultzaile eta kazetariak atzo iragarri zuen astean hamar orduko programazio propioa izango duela irratiak. Bestalde kultur magazina egingo du astegunetan Olano Carlosek —08:00etatik 09:30era entzun ahalko da FMko 107.4 udal frekuentzian; berriro emango dute 14:00etan eta 21:00etan—.
Irratsaioaren izenak «jokoa» emango diola nabarmendu zuen esatariak. «Kulturan bestalde dagoenari ematen zaio beti; norberak beretzat gordetzen badu, horri ezin zaio kultura deitu. Kulturan bertan kontu batzuk agerian daude: adibidez, Donostia Kulturaren agenda, eta horren berri emango dugu. Baina kulturaren alde ezkutuez ere hitz egingo dugu: interesatzen zait jakitea nola bizi diren sortzaileak. Distiraren atzean, gaizki pasatzen ari den jendea dago». Azken parte horretan arreta jarriko duela iragarri zuen Olano Carlosek. Bestalde, irratsaioak azpiizenburu bat dauka: «Donostiako kultur zaleen irratsaio mutantea». Horrekin, esatariak adierazi nahi du programa aldatuz joango dela. «Podcastak, adibidez, modu bat izango dira garai berrietara egokitzeko». Saioak kultur bizitzaren isla eta kultur eragile izan nahi duela gaineratu zuen irratiko kazetariak.
Irratsaio berezi bat gaur
FMan entzuteaz gain, irratiko saio guztiak www.irratia.donostiakultura.eus webgunean entzun ahalko dira. Tailerretako saioekin eta Arrosa sarekoekin osatuko dute programazioa. Webgune berriari esker, halaber, Donostia Kulturaren hainbat podcast gordeko dituzte. Jaime Otamendi Euskadi Irratiko esatari ohi eta Donostia Kulturako zuzendariak azaldu zuenez, «memoria» eta «ondarea» jasoko ditu Altzako irratiak. «Antolatzen ditugun hitzaldien eta elkarrizketen bozgorailu ere izan nahi du irratiak».
Tailerrak antolatzen jarraituko du irratiak, Casares irratiak egiten zuen moduan. Aurten, hiru ikastaro emango dituzte: irratigintza ikastaroa, Jose Joaquien Forcadaren eta Sergio Errastiren eskutik; Ahotsarekin jolasean ikastaroa, Maider Gorostegiren eskutik; eta irrati-fikzio eta irrati-antzerki ikastaroa, Inko Martinekin.
Martinek berak Parada irrati antzezlana jokatuko du gaur, Viktoria Eugenia antzokiko club aretoan egingo duten emankizun berezian. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astearen harira, irratsaio bat egingo dute, 19:30ean. Hasteko, solasaldi bat egingo dute Begoña del Teso zinema kritikariarekin eta Beñat Iturrioz zinemagilearekin. Saioa nola egiten duten ikusi ahalko da: doako gonbidapenak gaur bertan jaso daitezke antzokiko leihatilan, 17:00etatik aurrera.
Altzako Casares irratia Donostia Kultura irratia bilakatu da
Astean hamar orduko programazio propioa ekoitziko du. Hitzaldiak eta kontzertuak jasoko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu