Factual deituriko formatua da Erresuma Batuko BBC kate publikoaren The Fast and The Farmer-ish. Traktore handien lehia ikusgarri bat da, eta parte hartzen duten taldeak Ingalaterrakoak, Galeskoak, Ipar Irlandakoak eta Eskoziakoak dira. Tom Pemberton baserritar eta youtuberrak aurkezten du. Alleycats ekoiztetxeak egin zuen duela urte pare bat, BBC Northern Ireland eta BBC Three kateentzat. EITBk saioa erosi du, eta Primeran plataformak ostegunean estreinatuko du. Baina Azkarra eta baserritarra saioak euskarazko bertsioan ez du bikoizketa neutro bat izango, antzeztutako umorezko bikoizketa berezi eta original bat baizik. Jon Iraolak eta Anjel Alkainek zuzendu dute bikoizketa hori.
Ez da lehen aldia Iraolak halako bikoizketak egiten dituena, baina Primeran plataformarentzat aurrenekoz egin du. Bera arduratu da gidoiaz. «Programan parte hartzen dutenen profila zein den ikusita, bikoizketa neutro bat ez zetorren ondo». Baserritarrak dira lehiakide gehienak. «Entzuten dituzu ingelesez, eta badakizu Erresuma Batukoak direla, baina, mututuz gero, batzuk Azpeitikoak izan daitezke, eta besteak Baztangoak. Euskal Herriko jendearen tankera handia dute», gaineratu du Iraolak. Horregatik, erabaki zuten euskalki desberdinekin bikoiztea.
Gidoian «txorakeria batzuk» sartu dituela aitortu du Iraolak. «Baina saioak berak erakusten du nora jo; probak nahiko barregarriak dira. Erregistro informala ere eskatzen du programak».
Erabili dituzten euskalkien artean, Nafarroako Baztangoa eta Sakanakoa, Bizkaiko Ondarroakoa, Markina-Xemeingoa eta Basauri aldekoa, eta Gipuzkoako Oñatikoa, Azpeitikoa eta Goierrikoa daude. Horretarako, lagun hauek aritu dira ahotsak jartzen: Ainhoa Etxebarria, Ekain Ibarguren, Patxi Irigoien, Amaia Ruiz de Galarreta, Intza Alkain, Mikel Ibarguren, Josu Zubia, Danel Teran, Xabier Artiedas eta Graxi Arregi, besteak beste.
Iraolari iruditzen zaio euskara entzuteko beste modu bat emango duela Azkarra eta baserritarra-k. «Orain arteko bikoizketak neutroak izan dira, denak antzeko samarrak. Honek badu bere grazia». Aurkezleak euskara batuan egingo du —Anjel Alkainek—. Iraolak berak off-eko ahotsa sartuko du. Programa bakoitzean bi talde daude, eta talde bakoitzak euskalki batean egiten du. «Aberasgarria izango da ikuslearentzat euskara desberdinak entzutea». Talde bakoitzean, beti dago lekuko bat; esaterako, Sakanako taldean eskualde horretako pertsona bat ari da hizketan, eta Iraolak eta Alkainek ere sakanarrez egiten dute. Iraolak aitortu du euskalki guztiak menderatzea ezinezkoa dela, eta esamolde asko ikasi dituela.
Zazpi atal ditu BBCren saioak. Primeran plataformako arduradunek uste dute bide bat ireki daitekeela halako bikoizketekin. Erantzuna zein den jakiteko gogoz dago Iraola: «Beste bikoizketa modu bat sortu daiteke. Belarriarentzako desberdina da, eta kaleko hizkera gehiago entzungo da». Duela ia hogei urte, ETB1eko Wazemank saioan elkarrekin aritu ziren Alkain eta Iraola. Orduko hartan, kaleko hizkerara jotzen zuten sarri. «Ikus-entzuleek gertutasuna sentitzen zuen euskara horrekin. Bikoizketa joko berri honek naturaltasuna emango dio entzungo den euskarari. Ea jendeak nola hartzen duen».
Berrikuntza gehiago
Primeran plataforman askotariko berritasunak ari dira estreinatzen azkeneko asteetan. Igandean, adibidez, Barraka izeneko late night ikuskizunak hasi zuen bidea. Aste honetan, bestalde, Azkarra eta baserritarra saioaz gain, iritsiko dira lan gehiago: Xabi Lopezek Txile eta Indonesia bisitatuko ditu Surfing 360 saioaren lau atal berritan —ostegunean iritsiko dira horiek ere—; ostiralean, berriz, Frantziako Spellbound telesaila euskarara bikoiztuta estreinatuko dute; berriki hasi da Iban & Maite Beauty saioaren bigarren denboraldia; eta ostiralean sareratuko dute Piztien artean programaren laugarren atala.
BERRIAk jakin duenez, bestalde, Nerea Aliasek aurkezten duen Intimitatean elkarrizketa saioak bigarren denboraldia izango du. Lehen denboraldiko atalak, gainera, hemendik gutxira ETB1en ematen hasiko dira.