Algoritmoen 'kazetaritza'

2023an adimen artifiziala komunikabideetan txertatuko dela esan diote adituek Nieman Labi

BERRIA.
jakes goikoetxea
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Harvardeko Unibertsitatearen Nieman Lab kazetaritza laborategiak 2023ko kazetaritzaren joerei buruzko artikuluak eskatu dizkie komunikazio arloko 160 adituri baino gehiagori, eta horietako batzuek galdera horixe egin diote GPT-3 adimen artifizialeko tresnari. GPT-3 adimen artifizialaren bidez testuak sortzeko gai da, eta erantzun koherenteak eman dizkie.

Adimen artifizialak erredakzioetan, komunikabideetan eta kazetaritzan izan dezakeen eragina sakona da. Peter Sterne kazetari estatubatuarra izan da gaiari buruz garbien hitz egin dutenetako bat: Adimen artifiziala sartu da erredakzioan izenburua jarri dio artikuluari.

«Adimen artifizial sortzailearen azken aurrerapenek iraultza eragin dezakete kazetarien lan egiteko moduan», Sterneren arabera. GPT-3 da tresna horietako bat. Artikuluak idazteko lan batzuk automatizatzeko aukera eskainiko du, Sterneren iritziz. 2024an iritsiko da GPT-4, are gaitasun gehiagokoa.

«Kazetariek zenbait gako emanda, adimen artifizialak artikulu oso bat sortu dezake; denbora aurrezten du, eta idazketaren kalitatea hobetzeko ahalmena du». Esan hori Sterneren artikuluan ageri da, baina ez du berak idatzi, ChatGPTk baizik, GPT-3rekin harremana izatea ahalbidetzen duen tresnak. Testuak sortzeko duen gaitasunaren adibide bat baino ez da.

Adimen artifizialaren erabilerak eztabaidak eragingo ditu, eta hainbat arrisku ditu: datu faltsuak erabiltzea, informazioa plagiatzea, komunikabideen sinesgarritasuna auzitan jartzea... «Adimen artifizialean oinarritutako tresnek inoiz ez dituzte ordezkatuko kazetariak», nabarmendu du Sternek. «Baina kazetariek lan egiten duten modua alda dezakete. Elkarrizketak transkribatzen eta eguneko istorioak idazten denbora gutxiago pasatu dezakete; gehiago, aldiz, beren iturriak elkarrizketatzen eta informazioa bilatzen».

Sternerekin bat dator, neurri handi batean, Nicholas Thompson, The Atlantic AEBetako aldizkariko zuzendari nagusia: «2023a izango da adimen artifizialak komunikabideen negozioa aldatuko duen urtea».

«Uholdea»

Adimen artifizialarekin egin izan dira probak datuetan oinarritutako albisteak edo oinarrizko artikuluak idazteko. Aurten, ordea, jauzia gertatuko dela uste du Thompsonek, eta kazetariek ere baliatuko dituztela tresna berriak, bai ideiak aurkitzeko, bai istorioak idazten laguntzeko.

2023a izango da adimen artifiziala «benetan» iritsiko den urtea, «baina hura nagusitu ahala, kazetariak beharrezkoagoak bihurtuko dira gizartearentzat, estandarrak zehazteko, gehiegikeria posibleak arakatzeko eta gure etika eta estandarrak teknologiara eramateko». Hala uste du Burt Herman Hacks/Hackers nazioarteko kazetaritza elkartearen sortzaileak.

«Uholde» deitu dio Cory Bergmanek, Factal enpresako sortzaileetako batek. «Gizakiek gutxiago idatziko dute, adimen artifizialak gehiago. Adimen artifizialak idatzitako edukiek Internet itoko dute».

Arriskuez bi iragarpen egin ditu Janet Havenek, Data & Society GKEko zuzendari nagusiak. Datuetan oinarritutako teknologiek gizartean duten eragina ikertzen dute. «Lehena», idatzi du, «ChatGPT eta antzeko tresnak kontrako helburuekin erabiliko direla, informazio inguruneen sinesgarritasuna gutxitzeko». «Bigarrenik», jarraitu du, «aurreikusten dut —eta espero dut— gobernuek hormak eraikiko dituztela adimen artifizialeko sistemen garapenari eta zabalkundeari eusteko, gizartearentzat dituzten kostuak aintzat hartuz eta oinarrizko eskubide eta askatasunak babestuz».

Aldaketa ez dagokie testuei bakarrik. Adimen artifizialean oinarritutako DALL-E 2 eta Stable Diffusion tresnek irudiak sortzen dituzte, testuetan oinarrituta. Erabilera posible bat aipatu du Sternek: «Artxiboko irudi pertsonalizatuak eman diezazkiekete argazki zerbitzuen harpidetzak ordaindu ezin dituzten erredakzioei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.