Z belaunaldiak nahiago du Tiktok aplikazioan bilatu, Google-n baino. Desberdina baita gailu batek nola funtzionatzen duen jakiteko edo zeozer egiteko, jarraibideak irakurtzea edo ikustea.
Aurten beteko du mende laurden Googlek, eta bilatzailerik gorena izan da sorreratik. 1990eko hamarkada erdialdetik, 2000ko hamarkada erdialdera arteko belaunaldi horrek hartzen du centennial izendapena; eta, egun, 20 urteren bueltan daude. Googlek berak egindako ikerketa baten arabera, horiek dira irudi bidezko azalpenak hitzen aurretik hobesten dituztenak. Googleren lehendakariorde seniorra da Prabhkar Raghavan. Hark esana da hamar gaztetik lauk nahiago dutela Tiktok erabili jatetxe bat bilatzeko, Google baino.
Izatez, errazagoa da Googlek eskaintzen duen aukera; bilatzailearen barran izena sartuta, informazio osoa agertuko baita, helbidea eta Google Mapsen bertaraino heltzeko jarraibideak barne.
Alta, Raghavan konturatu da Googlek eduki bisualagoko edukiak behar dituela, «biratu» egin behar duela: «Ikasten jarraitzen dugu, behin eta berriz, Interneteko erabiltzaile berriek ez dituztelako gaur arte ohikoak zitzaizkigun prentsamolde eta espektatibak. Egiten dituzten galderak guztiz ezberdinak dira».
Beñat Flores Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Nabaritzen du, unibertsitateko ikasleen kontsumo ohiturak begiratuta, badagoela «joera» bat informazioa kontsumitzeko: «Geroz eta gehiago egiten dute sakelakotik. Egunero erabiltzen dituzte sare sozialak, eta eurengana dator informazioa. Ez da haiek propio bilatzen duten eduki bat, plataformetara bereziki iristen diren berriak eta albisteak kontsumitzen dituzte». Floresen iritziz, horregatik ari dira nahasten informazioa eta entretenimenduaren iturriak eta edukiak.
Tiktokek edozein erabiltzaileri formatu bertikalean egindako bideo laburrak partekatzeko aukera ematen dio. Segundo batetik hamar minutura arteko luzera eduki dezaten baimentzen du, eta ez dute erreprodukzio epe jakinik; beraz, amaitzen direnean, berriro hasten dira bukle infinitu batean.
«Testu bat irakurtzea baino errazagoa izan daiteke plano mozketa oso bizkorrak dituen bideo bat kontsumitzea», aipatu du Floresek. Geroz eta azkarrago kontsumitzeko ohiturarekin lotu du hori, garunari «prozesatzea» gutxiago kostatzen zaiolako: «Irudiak eta soinuak lagun dezake informazioa dekodifikatzen, errazagoa baita kontzentrazio maila handiagoa behar den irakurketa batean informazioa filtratzea baino».
Algoritmoaren erabakia
Informazioa kontsumitzeko sare sozialen plataformak erabiltzearen inguruko kezka agerian utzi du Floresek, gainera: «Guri iristen zaigun informazio hori aukeratzeko ardura hirugarren batengan uzten ari gara. Ardura hori algoritmo jakin baten lana da. Hedabide tradizionaletan jarri izan dugu konfiantza orain arte, eta bakoitzak bere joera ideologikoa dauka, ikuspegi jakin bat».
Aplikazioen kasuan, aldiz, azpimarratu du erabiltzailearen erabaki ahalmena txikituz doala: «Hein batean badakigu, baina ez diogu erabiltzeari uzten. Aplikazio bakoitzaren atzean enpresa jakin batzuk daude, eta horiek beren interesak dauzkate. Eta ez daude errotuta Euskal Herrian».
Iban Garcia eduki sortzailea da, eta 1.600.000 jarraitzaile ditu Tiktoken. Hori du lanbide. Zaleak entretenitzea lortu nahi du, ikusgarritasunaren alde eginez. 60 segundoko bideo sorta bat ikusiko du Tiktoken haren izena bilatzen duen orok, baina atzeko, ezkutuko lanaz mintzatu da: «Nire bideo guztiek daukate atzetik edizio lan luzea. Ordenagailuan egiten dudana. Bideo bakoitzeko, ordubete inguruko lana da, sorkuntza eta grabazioa aparte utzita». Berebiziko garrantzia du harentzat edizio lanak daukan efektu, zoom edota letra tipoak txertatzeak, bideoak «identitate propioa» izan dezan: «Nire bideo bat agertzen zaion edonork esan dezan hau Ibanena da».
Euskaraz ez da errentagarri
Gaur egun ez du euskarazko bideorik sortzen maiztasunez, ez hala nahi ez duelako: «Nire lana edukiak sortzea da, denbora urria daukat, eta proiektu asko kudeatu behar dut». Euskaraz jasotzen dituen eskari ia guztiak doan izaten dira, eta onartu egiten ditu: «Euskaraz bideoak egitea asko gustatzen zait, nire ama hizkuntza da, baina, proiektu guztietara ezin naiz doan joan». Iturgina jarri du adibide gisa: «Pentsa denek eskatzen diotela iturriak mesede gisa konpontzeko. Hilabete amaieran etxea ordaindu beharko du, autonomo kuota eta beste».
Euskaraz ezin du eduki sortzaile gisa bizi: «Garrantzitsua da euskararen ikusgarritasuna sare sozialetan, egunerokotasunaren esparru bat gehiago baita gazte askorentzat, eta ona litzateke euskara hor normaltasunez egotea».
Argi du erakusleihoan dagoela eta intimitatearen arrakala ez dagoela zehaztuta sare sozialetan: «Zuk zeuk kudeatu behar duzu noraino konpartitzen duzun bizitza eduki bat eskaintzearren». Kezka adierazi du Tiktoken gazte asko ari delako orain bideoak partekatzen: «Laguntza eskaini beharko litzateke, eta honen inguruan heziketa jaso. Ez gara ohartzen zer egiteko prest dagoen jende asko like, bisita edo biralizazio bat edukitzearen truke».
Edurne Polanco psikologoarentzat, hori kontuan hartzekoa da, nerabe askok oraindik ez duelako garatu beren iritzi kritikoa, eta ez direlako konturatzen ez dela egia ikusten den guztia. Hezkuntzan jarri du arreta berak ere: «Esfortzu handia dakar buru osasuna bertan integratzeak. Sufrimenduarekiko estigma gutxiago ekarriko du, denok egoten baikara triste, haserre zein izututa, eta gizarte hau gehiegitan kokatzen da bizitzaren alderdi politean, alde hedonistan».
Gazteengan hori eskolatik eragiteak eta osasun publikoan arretak ugaritzeak ekarriko du sakoneko aldaketa, Polancoren ustez: «Elkarri esperientziak kontatuta irauliko da hori; badagoelako sare sozialen ondorioz adikzioa zein beste sintoma batzuk pairatzen dituen jendea, nahastu duena bere buruaz zer jari duen ikusgai eta zer den errealitatean». Azpimarratu du Espainian kontsulta psikologikoetara doazen gazteen lehen kausa teknologia berrien adikzioarekin lotuta dagoela: «Garena gara, eta hori deskubritzea lan konplikatua da; introspekzio ariketak eginda lor daiteke, autoezagutzaren bidez. Geure burua ikusiz, begi zabalekin, hatz erakuslearekin baino gehiago».
Ez dago adin jakin bat sare sozialak erabiltzen hasteko, Polancoren hitzetan, baina nabarmendu du gazte garaietan esku hartu beharra: «Nerabezaroan, sarri, baliteke nahastea nor garen, zer daukagun eta zer egiten dugun. Internetek eta teknologia berriek mundua ulertzeko modua aldatu dute. Harremanak izatekoa, erostekoa, baita komunikatzekoa ere. Pantailen esposizio horrek aukera beste arrisku dakartza». Ez du sinisten beltz eta zurietan, nahiago du erabilera «erreferentziazko helduak egon behar duen grisetan» jarri, horiek egingo duten akonpainamenduan.
Natibo digitalez erditu den belaunaldiak badu «mozketa analogiko» bat, Polancok dioenez, eta gakoa da sare sozialen inguruan seme-alabek baino informazio gehiago izatea: «Jakin behar genuke non dauden, norekin hitz egiten duten, eta haiekin hitz egin arriskuez. Agian, zabal dezakegu ateren bat apurka-apurka, eta kodeak tiraderan eduki gordeta, nahiz eta erabili ez. Jakin dezaten badagoela norbait arduratuta».
Konfiantza da gakoa, harentzat: «Ausardia handia behar da norberarena ez den epaiketaren beldurretik urruntzeko».
Algoritmoaren kolore grisak
Hamar gaztetik lauk nahiago dute bilaketak Tiktok aplikazioan egin Google erako bilatzaileetan baino. Aldatu egin da paradigma. Informazioa eta aisialdia bateratzeak eragina dauka norberaren eta munduaren ikuskeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu