Komunikazioa

Alex Txikonen erronkei buruzko saioa estreinatuko dute ETB1en, igandean

Lau atal izango ditu 'Txikon Xtreme' saioak; igandero, 21:00etan espedizio bat gogoratuko dute

Alex Txikon eta Juanra Madariaga, Txikon Xtreme saioaren aurkezpenean, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Mendiko balioak» transmititu nahi ditu Alex Txikon alpinista lemoarrak Txikon Xtreme telebista saio berrian. «Egungo gizartean balioak daude krisian, eta espero dut gure esperientziak bidea erakustea; zailtasun guztiak gainditzeko gogoa eta kemena behar dira». Mendia eta abentura uztartzeaz gain, naturari, muturreko abenturei eta bidean topatzen dituen lagun bereziei dien begirunea eta maitasuna agerian geratuko dira saioan. Ordubeteko lau atal izango dira, eta bakoitzean espedizio «gogoangarri» bat aurkeztuko du Txikonek. Datorren igandetik aurrera, ETB1en izango da ikusgai, 21:00etan. Aurkezpenean, Txikonek ez zituen ahaztu espedizio kide izan dituenak, eta mendian zintzotasunak eta leialtasunak duten garrantzia nabarmendu zuen. «Soka lagunek egiten dute espedizio bat handi». Duela gutxi Aneto mendian hildako Benantxio Irureta mendizalea ere gogoan izan zuen.

Bizkaia gailurretan-Bilbotik Lhotsera euskaraz azken espediziotik bueltatu berri da Txikon. Lhotseko gailurra (8.516 metro) zapalduta, hamargarren zortzimilakoa igo du. Baina ez da geldirik geratuko: K2 izango da lemoarraren hurrengo erronka. Hilabete barru Pakistanera abiatuko da, munduko mendi garaienetan bigarrena gogoan hartuta, eta jakinarazi du grabatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Jauzirik garaiena du izena Txikon Xtreme saioaren lehen atalak. Txikonek Sierra Nevadako Pico Veletan 3.200 metrotik egin zuen base-jauziaz arituko dira bertan. Baita paramotorrarekin Nuptse mendiaren (7.516 metro) hegalean arrisku handiko hegaldiaz ere.

Bigarren emanaldia mendizale lemoarrak egin berri duen espedizioari buruzkoa izango da. Nuptsera egindako ahalegina eta Lothse mendiaren igoera kontatuko dute. Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo izan zituen bidelagun atal horretan. Era berean, kanpamentu nagusian nazioarteko alpinista ezagunekin ere izan zen Txikon. Orain dela gutxi hil den Alexei Bolotov errusiarrarekin bizitako uneak gogoratuko dituzte bereziki. Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen erreskate lanetan berebiziko garrantzia izan zuen errusiarrak. Bestalde, Katmanduko herrixketan barrena ibiliko dira, hango kultura eta ohiturak ezagutzeko.

Laila Peakeko tontorra (6.096 metro) izango dute jomuga hirugarren atalean. «Munduko mendirik politena» deiturikoa mugarri bat izan zen mendizalearentzat. Izan ere, neguan egindako lehen igoera izan zen. Atal horretan, espedizio kide ugari ezagutuko ditu Txikonek, Juanjo San Sebastian, Sebastian Alvaro, Ramon Portilla eta Jose Fernandez, besteak beste.

Mendiko momentu latzak

Azken emanaldian, 2012an Gasherbrum I-eko (8.080 metro) tontorra zapaltzeko saioa egin zuenean bizitako gertakari ilunak ekarriko dituzte gogora. Mendiaren alderik latzena izango da ikusgai atal horretan. Zero azpitik 60 graduko tenperaturari aurre egin behar izan zion. Esperientzia bereziki gogorra izan zen kirolariarentzat, izan ere, Gerfried Goeschl, Cedric Haehlen eta Nisar Hussain espedizio kideak hil egin baitziren tontorrerako bidean.

Twitterren, #TxikonXtreme traolaren bitartez, ikus-entzule eta zaleekin zuzeneko komunikazio eta harreman kanala zabalduko dute. Saioaren inguruko informazio guztia, argazkiak eta hainbat bideo www.eitb.com eta www.alextxikon.com webguneetan daude. Txikonek bloga ere badu, Karakorumeko abentura gertutik ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.