Alejandro Etxebarria Busquet enpresaburua eta Mediaset Españako ohorezko presidentea hil da astelehen honetan, otsailaren 19an, 81 urte zituela. Horrela jakinarazi du ikus-entzunezko taldeak bere webgunearen bitartez, baita El Correo eta El Diario Vasco egunkarien bidez ere.
Alejandro Etxebarria Mediaset Españako presidentea izan zen 26 urtez, 1996an administrazio kontseiluan sartu zenetik orduko Grupo Correoren interesak ordezkatuz. Talde horrek Mediaset Españako akziodun izateari utzita ere, Etxebarriak sozietate horretako presidente izaten jarraitu zuen, kontseilari independente gisa.
El Diario Vasco, El Correo eta El Diario Montañés egunkarietako administrazio kontseiluetako kidea zen. Haren ibilbide profesionala komunikabideekin eta ikus-entzunezkoen sektorearekin lotuta egon da, baina baita euskal jatorriko enpresekin ere, Espainiako ekonomiako konpainia garrantzitsuekin eta gizarte eta kultur ekimenekin ere.
Bizkaiko prentsarekin lotura
Bilbon jaio zen Etxebarria, 1942an, eta, aitaren aldetik, Bizkaiko prentsari lotutako familia ezagun bateko kide zen. Haren aitona, Manuel Etxebarria Torres, El Noticiero Bilbao-ren sortzaile eta lehen zuzendaria izan zen. 1945ean, haren aitak, Alejandro Etxebarria Zorrozuak, Ybarra familia buru zuen enpresari —El Correo Español-El Pueblo Vasco— gehitu zion azken kazeta hori, eta, 1951n, El Correo egunkariko zuzendari izendatu zuten. Han, sozietateko gerente eta kontseilari izan zen aldi batez.
Etxebarria Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Donostian, gaur egungo Deustuko Unibertsitatean. Automozioko osagaiekin lan egin zuen Gasteizko sozietate batean, eta beste hamar urte egin zituen arduradun komertzial gisa, Sagardui etxetresna elektrikoen enpresako zuzendari nagusi izendatu zuten arte. Aitak zuzendutako egunkariari, baina, goiz lotu zitzaion, baita gerora Grupo Correo bihurtu zen enpresa sareari eta gerora Vocento izango zenari. Hasieran, bi urtez egin zuen lan gerentziaren laguntzaile gisa, eta 1967tik aurrera bete zuen kontseilari kargua. 1980an, El Correo-ko kontseilari delegatu izendatu zuten, orduko Grupo Correo taldearen modernizazioa eta hedapena bultzatuz.