'Alea' aleka, bost urtez

'Arabako Alea' astekariak erakusketa bat jarri du Gasteizko Oihaneder euskararen etxean

Egoitzaz aldatu behar izan dute Arabako Alea-ko langileek. Antonio de Sucre kalean daude orain. ARABAKO ALEA.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Bost urte bete berri ditu Arabako Alea aldizkariak, eta, urteurrena ospatzeko aurreneko ekitaldia erakusketa bat prestatzea izan da: Zortziak bost Araban izeneko erakusketa Gasteizko Oihaneder euskararen etxean jarri dute.Otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai. «Atzera begirako hausnarketa egiteko orduan, hitzetara eta irudietara jotzeko beharra izan du Alea-k», azaldu dute Arabako euskarazko hedabideko arduradunek. Horrenbestez, azkeneko bost urteetan egindako lanaren ispilu izan nahi du erakusketa horrek. Astekarian agertu diren pertsona ezagunak, jazotako gertakizunak, gizarteko aldarrikapenak, Arabako txokoak eta beste zenbait bitxikeria daude erakusketan ikusgai

Gasteizko GEU elkarteak, BERRIAk eta Goiena komunikazio taldeak sortu zuten elkarrekin Arabako Alea, 2015ean. Aldizkariak paperezko edizioaren itxura aldatu zuen, 2018an. Iaz, berriz, webgune berria jarri zuten martxan, bereziki sakelakoetan «argi eta erabilgarri» agertzeko prestatua (Alea.eus).

Zortzi lagunez osatutako lantaldea du euskarazko aldizkariak. «Baina astero egitasmoari ezinbesteko ekarpena egiten dion kolaboratzaile taldea kontuan izan gabe, ezerezean geratuko litzateke dena», azaldu du Aritz Martinez de Luna Arabako Alea-ko zuzendariak. Alea FM izeneko irratsaioa ere egiten dute hedabideko kazetarien eta kolaboratzaileen artean. Radio Vitoriak asteartean ematen du, 17:00etan.

Egoitza aldaketa

Lehen bost urteetan, Arabako Alea-k Gasteizko Alde Zaharreko Arte eta Lanbideen Eskola zaharrean izan du egoitza. «Enpresa hasi berriek behar dituzten baliabideak eta instalazioak gure esku izan ditugu; baina, tamalez, bertan egoteko epemuga amaitua genuen, eta mugitzera behartuta ikusi dugu geure burua». Antonio de Sucre kaleko lehen zenbakira eraman dute egoitza. «Pozik» daude lantaldean aldaketarekin. Baina zuzendariak nabarmendu du egoitza hori ez dela behin betikoa izango. «Bizpahiru urte barru, Alea proiektuak Gasteizko Kafe Antzokia izango du bere tokia». Martinez de Lunak azaldu du mudantza ez dela erosoa izan. «Baina aldaketak proiektuari beste indar bat ere emango diola pentsatzen dugu. Hemendik aurrera Alea-k bere bidea egiten jarraitzeko lehen pausoa izango da».

Kalea gertu dute orain, eta haien irudia ikusarazteko aukera dute. «Baliabide propio gehiago izan eta hazten jarraitzeko parada izango dugu. Azken finean, jatorrizko etxea atzean utzi, eta gure kabuz urratu beharreko bide berriak zabalduko zaizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.