Aldi honen kontaketa soinean

BERRIAk Trixertak egitasmoa jarri du berriro abian. 20. urteurrena aintzat hartuta, 'Aldi hau kontatzeko' leloaren aldaerei erantzunez diseinatu dituzte lau sortzailek lau elastiko oso berezi.

Aurtengo Trixertak egitasmoko lau elastikoak, tamaina ezberdinetan. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun

Aldia da halakoa, eta aldiak merezi zuen salbuespena. 20 urte bete ditu BERRIAk, eta, urteurrenaren jiran, berritasun horien sortan egin du tokia Trixertak egitasmoak ere. Horixe baita berritasuna: gai edo lelo berdinaren inguruan sortutakoak direla aurtengoak, eta lehen begi kolpean daudela denak ikusgai eta erosgai. Aldi hau kontatzeko trixertak izango dira.

Lau sortzailek begiratu diote aldi berriari, eta hura kontatzeko modua egin, norberak soinean eraman dezan. Idoia Beratarbide, Malen Amenabar, Joseba Attard eta Exprai dira lau diseinatzaile horiek, eta haienak gaurtik aurrera BERRRIAren dendan eskura dauden lau trixertak. Idoia Beratarbidek aurreneko aldiz parte hartuko du egitasmo horretan. Beste hirurak lehen ere aritutakoak dira —Malen Amenabar, Txakur Gorria kolektiboaren barruan aritu zen orduan—.

Albisteak eta haien interpretazio artistikoak soinean eramatea izan da sortu zenetik Trixertak egitasmoak izan duen helburua. Aktualitateari, errealitateari eta herriari emandako begiratua, euskaraz. «Urte hauetan guztietan, elastikora eraman ditugu mundua eta ingurua ulertzeko gertakari eta gako garrantzitsuenak. Aldi hau ere trixerten bidez kontatu nahi dugu, feminismotik eta Euskal Herritik, sormenez eta independentziaz», nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaileek.

Urteroko zita eta erreferentzia bihurtu baita trixerten egitasmoa aspaldi honetan. 25 diseinatzailek baino gehiagok hartu dute jada parte, eta lortu du ekinbideak zubiak eraikitzea ere euskal kulturgintzan ari diren ilustratzaileen eta BERRIA egunkariaren artean —horren seinale izan zen 2019. urtean Iruñeko Katakrak liburu dendan zabaldutako erakusketa hura—. Eta aurten ere, proiektuaren hirugarren hanka: Serigrafia.eus etxea arduratuko da elastikoak inprimatzeaz.

Ikusgai eta eskuragai daude jada. Trixertak erosi nahi dituztenek Internet bidez egin beharko dute eskaria, BERRIA denda webgunean. Horrez gain, (0034) 943-30 43 45 zenbakira deitu dezakete. BERRIAlagunek 22,95 euroan eskuratu ahal izango dituzte elastikoak, eta gainerakoek, 24,95 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.