ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! Izenburu horrekin, Aldatu Gidoia mugimenduak hainbat kritika egin dizkio Euskal Telebistari. Irailaren 3an aurkeztu zuen denboraldi berria ETBk, Gasteizen, eta horretan gertakari «kezkagarriak» aurkitu ditu mugimendu euskaltzaleak. Gaztelaniazko saioak lehenetsi dituztela salatu du talde horrek.
«Vaya semanita saioa da berritasun nagusietako bat. Aktore euskaldunak ikusiko ditugu gaztelaniaz lan egiten, beste behin», dio taldeak. Gaineratu dute Euskal Herrian badirela aski gidoilari, zuzendari eta artista euskaldun, «profesional onak, euskarazko umore saioak egiteko». Halakorik ez da euskarazko katean. «Erdarazko saio hori [Vaya semanita] ETB1en sustatzen ikusteak min ematen du».
ETBk denboraldi hasieran nabarmendu duen beste saio bat Generación Click dokumental saioa da. «Saio hori gaztelaniaz egin du ETBk, eta bertan gazte euskaldunak erdaraz jarri ditu. Gero, dena erdaraz egin ondoren, euskarara bikoiztu du». Umorezko saioen gabeziarekin bezala, hausnarketa hau egin du Aldatu Gidoia-k: «Badira aski profesional euskaldun on, asko langabezian edo prekarizatuak, gauza direnak halako saioak euskaraz egiteko, eta euskararen ikuspegiarekin».
Vascos por el mundo saioari dagokionez, talde euskaltzaleak nabarmendu du Galizian, Katalunian eta Valentzian beren hizkuntzatan egiten dituztela halako saioak. Vascos por el mundo saioan, aldiz, dena gaztelaniaz egiten dutela kritikatu du Aldatu Gidoia-k.
ETB3 aipatu ere ez
Denboraldi berriaren aurkezpenean Euskal Telebistak ETB3 katea aipatu ere ez zuela egin deigarri egin zaio Aldatu Gidoia-ri: «EITBk, beste behin, ez du egin haur eta gaztetxoak ETB3ra eta euskarara ekartzeko eduki berrituen eta erakargarrien alde». Taldearen arabera, 3Cat katalanezko plataformak haur eta gaztetxoentzako eskaintza «oparoa» iragarri du denboraldi berrirako.
Badira bestelako kontuak ETB3 katearekin lotuak. Nafarroako Gobernuak abuztuan jakinarazi zuenez, ETB3k ez du emango Nafarroako multiplex autonomikoaren bidez, gorabehera teknikoak direla eta. «Ez du beste alternatibarik aurkeztu».
Lehendik kritikatu izan du Aldatu Gidoia-k ETBren bidea. Maiatzaren 18an, manifestazioa egin zuten Gasteizen, euskara ardatz duten politikak eskatzeko Eusko Jaurlaritzari eta EITB taldeari. Orduko hartan kritikatu zuten eremu bat gogoratu dute berriz ere: «ETBn nazioarteko fikzio guztia gaztelaniaz ematen dute: ETBren irizpidea da nazioarteko fikzioak euskaraz ez duela ikuslerik, eta ez duela merezi euskaraz ematea; bikoizketa industria suntsitu zuten erabaki horrekin».
ETBren denboraldi berriaren aurkezpenean, euskararen biziberritzeari buruz hitz erdirik ez egin izana kritikatu du Aldatu Gidoia-k. «Bada aldea 3Cat Kataluniako irrati-telebistarekin. Izan ere, 3Cat-ek aldiro-aldiro aipatzen du katalanaren biziberritzea oharretan, agerraldietan eta plan estrategikoetan. Esanguratsua da talde publikoak katalanaren kaleko erabileraren atzerakadari galga jarri eta egoera iraultzeko plana aurkeztu izana».
Euskararen egoera, bestalde, «oso larria» dela salatu du Aldatu Gidoia mugimenduak. «Gero eta hizkuntzalari gehiagok ohartarazten dute hori; azkena Kike Amonarriz izan da, duela aste batzuk idatzitako artikuluaren bidez. Baina, ikusten denez, agintariek ez dituzte ikus-entzunezkoak erabili nahi egoera iraultzeko».
Mugimenduak iragarri du lanean jarraituko duela, Eusko Jaurlaritzako eta EITBko arduradunei dei egiten, eta kalean mobilizatzen.