Euskararen Nazioarteko Egunerako, abenduaren 3rako, ETBk bi film emango zituela iragarri zuen: Bizkarsoro, ETB1en; eta Tasio, ETB2n. Aldatu Gidoia mugimenduaren iritziz, «ezin hobeki» asmatu zuen ETB1ek Bizkarsoro ematen. «Zoritxarrez, egun horretan berean, ETB2k kontraprogramatu egin zuen, eta Tasio filma eman, erdaraz». Mugimenduak gogoratu duenez, Gotzon Barandiaranek Euskal Telebistari proposatu zion ETB2n ere Bizkarsoro ematea, azpidatziekin, baina ez zuen halakorik egin nahi izan.
ETB1ean euskaraz eta ETB2n espainolez azpizenburututa emititzea proposatu genion ETBri. Baten batek ETB2n Tasio emititzea erabaki zuen, Euskararen Nazioarteko Egunean euskaldun batzuk betidanik espainolez bizi garela erakusteko. Hautu politiko maltzurra, zinez https://t.co/Cq3BN5SQjD
— gotzon barandiaran (@gotzonbarandi) December 4, 2024
Euskararen Egunaren biharamunean, abenduaren 4an, ETBk prentsa ohar bat igorri zuen, eta zera adierazi: «ETB2k emaitza bikainak lortu zituen atzo: eguneko kanalik ikusiena izan zen Euskadin, %10,5eko audientzia-zatiarekin (...). Tasio filmaren emanaldi bereziak %11,9ko kuota izan zuen Euskadin eta %10,6koa Nafarroan». Euskarazko saioen datuen gaineko informaziorik ez zuen eman; BERRIAk jakin duenez, Bizkarsoro-k %1,7ko ikusle kuota izan zuen EAEn; azaroan %2ko batez besteko kuota izan zuen kateak. «ETBri ez zitzaion batere inporta izan Bizkarsoro kontraprogramatzea, hain egun berezian», dio Aldatu Gidoia-k, eta, haren irudikoz, «oso aproposa» izanen zen ETB2ko La noche de... saioan azaltzea zer zigor izan diren Euskal Herrian euskara erabiltzeagatik, zenbat debeku izan diren, ikastolak nola sortu diren... eta, ondoren, Bizkarsoro ematea, gaztelaniazko azpidatziekin. Azken hori proposatu zuten filmaren egileek, baina ETBk ez zuen aukera hori baliatu.
Aldatu Gidoia-k argi du ETB2n Bizkarsoro euskaraz eman izan balute ez zituela Tasio-rekin izandako ikusle datuak lortuko. «Euskarak, gutxitutako hizkuntza batek, ez du, gutxitua dagoen bitartean, hegemonikoa den hizkuntzaren ikusle daturik emanen. Izan ere, horregatik du euskarak ezinbestekoa EITB: egoera soziolinguistikoa iraultzeko, euskarak hizkuntza gutxitua eta bazterrekoa izateari uzteko; eta Euskal Herria berreuskalduntzeko».
EITBk, komunikazio talde publikoa izanik, ez lieke audientziei itsu-itsuan jaramonik egin behar, Aldatu Gidoia-ko ekintzaileen aburuz. «Hedabide publikoa izanik, libre egon beharko luke ikusle datuen morrontzatik, finantzaketa publikoak aske egiten baitu, eta ez baitzen sortu inguruko irrati eta telebista komertzialekin audientzietan lehiatzeko. EITBri kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea, eta balio hezitzaileak, euskara eta euskal kultura sustatzea dagokio». Ikusle datuei jaramon egin beharko diela uste du herritar talde horrek, baina iparra galdu gabe, norabide estrategikoa aldatu gabe. «Telebista publikoa helburu batzuekin sortu bazen, helburu horiek adierazi behar diote bidea».
Eredu berri bat proposatu dute
Aldatu Gidoia-ren iritziz, audientziek agintzen dute ETBn. «Eta audientzien lehian, kaltetua ateratzen da euskara, gaztelaniazko katearen alde egiten duelako». Datuek erakusten dutenez, ETB2 da euskaraz mintzatzeko gai diren pertsona gehien erakartzen dituen katea. «Beraz, argi esan beharra dugu: Euskararen Egunean gertatutakoa ohiko praktika da ETBn. Gehiegitan jartzen da ETB1 ETB2rekin lehian. Lehia desorekatu horren ondorioz, ETB2ra jotzen dute herritarrek, besteak beste, euskararen jabe diren askok eta askok». Urtarriletik ekainera, El conquistador saioak euskaldunen artean %25eko kuota baino gehiago izan ohi du ETB2n.
ETBk eredu berri bat behar duela uste du Aldatu Gidoia-k: «Herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango dituen eredua». Hainbat adituk proposatu izan dute 'kanal bat, hizkuntza bat' paradigma aldatzea; hala nola Josu Amezagak eta Kike Amonarrizek. Paradigma hori gainditzea funtsezkotzat jo du Aldatu Gidoia-k. «Eredu berri batean, euskarak izan behar du hizkuntza nagusia ETBn; gaur-gaurkoz, ez hizkuntza bakarra agian, baina bai zentrala».
EITBko arduradunei Europako beste telebista batzuen esperientziei erreparatzeko eskatu die Aldatu Gidoia-k: «Hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako telebisten programazioaren muinean hizkuntza gutxitua dago; hizkuntza gutxituan emititzen dute, hizkuntzaren jabe ez diren ikusleak edo hura menderatzen ez dutenak erakartzeko, eta azpidatziak erabiltzen dituzte». Talde euskaltzaleari ulertezina iruditzen zaio ETBn oraindik azpidatziak erabiltzearen alde ez egitea, euskararen ezagutza apala dutenengana edo ezagutzarik ez dutenengana iristeko.
«ETBk egiaz erabakitzen badu euskara bultzatzea eta euskarazko edukien alde lehentasunez egitea, hasieran ikusle datu orokorrak gutxitu eginen dira, agian», gaineratu du Aldatu Gidoia-k. «Baina ETBk epe luzera eta irmo egin behar du euskararen alde, ikusle datuei hainbesteko garrantzirik eman gabe. Horretarako sortu zelako, eta horretan datzalako bere legitimazioa». Hala egiten badu, Aldatu Gidoia-k uste du erakundeek, alderdiek eta elkarte euskaltzaleek pedagogia egin beharko dutela ETBri bide horretan laguntzeko. «Eta pazientzia izan beharko dugu, ziur baikaude jendeak oso ondo hartuko duela eta babestuko duela euskaran ardaztutako ETB. Eta ziur gaude, epe luzera, iritsiko direla ereindakoaren fruituak eta ikusle datu onak».