Aldartea adierazteko, laburdurekin jolasean

25 urte bete berri dira 'LOL' akronimoa (barre-algaraka) aurreneko aldiz erabili zenetik. Azkeneko urteetan Interneten erabiltzen den hizkeraren parte bilakatu dira 'LOL' eta tankera bereko akronimo eta laburdurak.

urtzi urkizu
Donostia
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru hitz hiru hizkitan laburtuta. LOL akronimoaren ingelesezko esanahia laughing out loud da: barre-algaraka. Gure artean nahiko berritzat jotzen den arren, mende laurdena bete da jada erabiltzen hasi zenetik. Ben Zimmer hizkuntzalariaren arabera, aurreneko erabilera «ofiziala» 1989ko maiatzaren 8an izan zuen, AEBetako Fidonet elkartearen buletin batean. Baina akronimoaren aitatasuna beretzat du Wayne Pearson kanadiarrak. Behin baino gehiagotan adierazi du LOL akronimoa iragarkien oholtza batean erabiltzen hasi zela 80ko hamarkadan: gaurko txaten aurrekariak ziren oholtza horietako batean.

Euskal Herrian barre ozena adierazi ohi du LOL-ek. Hala iradokitzen du Euskaltelek aurten egin duen iragarki batek. Hainbat akronimo jasotzen ditu spot-ak, eta LOL laburduraren aldamenean «barrez lehertzen naiz» esanahia ageri da.

Baina interpretazioak libre. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari galdetu bestela. Mezu asko LOL akronimoarekin amaitzen zituen, pentsatuz «maitasun askoz» esan nahi zuela. Rebekah Brooks kazetariak azaldu behar izan zion zein den ohiko esanahia.

Edonola ere, urteekin aldatu egin da LOL-en esanahia ingelesa hizkuntza nagusia duten herrialdeetan. Herrialde guztietan erabilera ez da bera, gainera. AEBetan, gaur egun «barne irribarre isil» gisa erabiltzen da. Frantsesez, MDR laburdura erabiltzen dute. Koreeraz: KKK. Eta Thailandian zenbakiak erabiltzen dituzte barre ozena irudikatzeko: 555 —5 zenbakia ha ahoskatzen da—.

Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakasle eta IKTetan adituaren ustez, Euskal Herrian ez da askorik erabiltzen LOL. «Ingelesezko akronimoen artean euskal internautek gehien erabiltzen dutena WTF dela esango nuke». WTF-ren esanahia, ingelesez, what the fuck da. Euskal Herrian, Ai ama! zer da hau! esateko erabiltzen da. «Aldrebeskeriaren bati erreferentzia egiteko erabili ohi da Interneten. Adibidez, norbaitek lekuz kanpoko adierazpen bat egiten duenean».

Nazioartean, batik bat ingelesa hizkuntza nagusi duten herrialdeetan, OMG akronimoa sarri erabiltzen da. Oh my god esan nahi du, ezustea adierazteko: Jainkoa!

Euskal Herrian zabalpen askoz txikiagoa izan duten beste akronimo batzuk hauek dira: FYI (for your information, datu bat emateko), ASAP (as soon as possible, pertsona bati eskatzeko egin beharrekoa lehenbailehen egiteko), LMAO (laughing my ass off, barrez ari garela adierazteko), AWC (away from computer, ordenagailutik urrun gaudela adierazteko) eta GIYF (Google is your friend, norbaiten galdera bati Googlera jotzeko iradokitzeko).

Euskaraz: 'Mx' eta 'Mlskr'

Euskaraz bi hitzen laburdurak daude oso zabalduak: Mx, musuak adierazteko, eta Mlskr, mila esker esateko. Musuen laburdura asko erabiltzen dute gazteek telefono bidezko mezuetan. Goñik, berriz, asko erabiltzen du Mlskr; adibidez, elkarlanean #gaurkohitza proposatzen laguntzen diotenei Twitter bidez eskerrak adierazteko.

Goñik euskarazko beste akronimo bat ere erabiltzen du: BB, «bide batez» adierazteko. Irakasleak ingelesezko BTW akronimoaren bertsio propioa egin du —by the way (bide batez)—. «Uste dut ez duela beste inork erabiltzen». Denborak esango du euskal internauten artean zabaltzen den ala ez. LOL-ekin gertatu bezala, beti norbanako batek erabiltzen baitu aurrenekoz akronimoa.

Interneten, bestalde, hizkera informala «barra-barra» erabiltzen dela sumatu du irakasleak. «Euskalkien erabilera nabarmena da oso sare sozialetan. Bestetik, aditz trinkoen erabilera dago. Euskaldun bakoitzak barnean filologo bat dugula ematen du, eta hori nabaritu egiten da Interneten. Euskarak behar duen bizitasuna eta jendearen txispa hori oso polita da», gaineratu du. Twitterren kontzeptu bat irudikatzeko #hitzokei mugimendua zabalduta dago. Halako jokoen balioa nabarmendu du irakasleak. Hitzokei.tximinia.net webgunean, 277 egileren 3.963 termino daude jasoak.

Goñiren iritziz, gazteek ez ezik beste belaunaldi batzuetakoek ere gero eta gehiago erabiltzen dituzte emotikonoak; Skypen, Facebooken eta Whatsappen, esate baterako. «Whatsappen eraginez, adin guztietako herritarrek erabiltzen dituzte emotikonoak. Eta mota guztietakoak». Sare sozialetan, halaber, ohikoa da puntuazio markak erabiltzea emotikono gisa: ;-) , :-) , :-( eta abar. Nazioartean ez ezik Euskal Herrian ere erabiltzen da XD emotikonoa, barre ozena adierazteko. Emojik 250 emotikono berri aurkeztu ditu berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.