Eskualdeko gertaera eta ekimenen bozgorailu da Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza. Hamar urtez bete du eginkizun hori eskualdeko euskarazko hedabideak, eta herritarren onespena eta babesa erdietsi du. «Erreferente da», dio Lore Bengoetxeak, hedabideak izandako lehen zuzendariak. Biharko egunez duela hamar urte argitaratu zuten lehen zenbakia. Kazetaritza egiteko modua dezente aldatu da azken hamarkadan, eta teknologia berrietara egokitu da Hitza. Hamargarren urteurrena kalean «presentzia indartzeko» baliatuko dute, hainbat ekinbide babestuz.
Eskualdeko gaiak landuko zituen euskarazko argitalpen baten beharra ikusi, eta bizpahiru kazetarik aldizkari bat sortzeko proiektuari ekin zioten. Segituan batu zitzaien jende gehiago proiektura, tartean Bengoetxea bera. «Euskaldunon Egunkaria zarratu zuten garaia zen», gogoratu du. Eskualdeko informazioa lantzen zuen garai horretan Bengoetxeak Egunkaria-n, eta beste kazetari batzuekin batera Hitza-ren proiektura batu ziren. Eskualdeko egunerokoak orduan hasi ziren sortzen; lehenengotarikoa izan zen Lea-Artibai eta Mutrikukoa. Oarsoaldeko Hitza eta Tolosaldeko Hitza sortu eta gutxira kaleratu zuten lehen zenbakia.
Hurbileko produktua
«Esperientzia berria zen eguneroko bat ateratzea, baina eskualdean ondo txertatu zen proiektua», azaldu du Bengoetxeak. Euskalkien erabilerari buruz eztabaidak izan zituzten hastapenean. Egunkaria-k Lea-Artibai eskualdeko albisteekin orrialde bat argitaratzen zuen, bizkaieraz. «Euskara batuan egitea erabaki genuen guk». Halere, irakurleekiko hurbiltasuna indartzeko, hainbat salbuespen egin zituzten hasieratik. «Bizkaiera kutsuko gauzak sartu ditugu, baina gehiegirik ez».
Hurbileko produktua da Hitza, eta jendearen «onarpen zabala» jaso du. «Erraza izan zitzaigun eskualdean sartzea. Opari bezala hartu zuten euskaraz irakurtzeko aukera hori». Bengoetxeak dioenez, argitalpenari esker jende nagusia irakurtzen jarri dute, eta oso «pozgarria» zaio hori. Eskualdean «gehien irakurtzen den» egunkaria da. «Erreferente gara oraindik».
Lea Artibai eskualde euskalduna izateak asko erraztu die zabalkunde lana. Gainera, Bengoetxearen arabera, tokian tokiko informazioak badu erakargarritasun berezi bat. «Albiste txikiei leku handia ematen diegu. Gertuko jendearen albisteak irakurtzeak asko erakartzen du».
Oihana Cabello Busturialdeko Hitza-n hasi zen lanean. 2010ean Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza-rekin elkartu ziren, eta orain urtebete hartu zuen hedabideko zuzendaritza. Hedabideen lan egiteko era aldatu dute teknologia berriek, eta haiek ez dira atzean geratu. «Egungo egoerari erantzun nahian, Interneti kolpea eman behar geniola ikusi genuen», azaldu du Cabellok.Sarean albisteak idazten dituzte egunero, eta asteburuetan ezer berezia dagoenean ere jarraipen berezia egiten dute. «Albisteak lehenengo Interneten jartzen ditugu. Bideoak eta argazki galeriak argitaratzen ditugu, streaming bidezkoak egiten ditugu. Dena azken orduko berriak eskualdeko jendeari helarazteko». Horrez gain, ostiralero asteko albisteei begiratu bat ematen dien ikus-entzunezko albistegia eskaintzen du Asier Alkorta kazetariak.
Etorkizuneko erronkak
Ondarroan Urtza Alkorta babesteko egin zuten herri harresia gertutik jarraitu zuen Hitza-k. Gau eta egun lanean ibili ziren hiru kazetari. «Horrelako albisteak gertatzen direnean Euskal Herri guztia eta nazioartea guri begira dago». Ahalegin handia egin zuten albistea ahalik eta zabalen jorratzeko. «Sare sozialen eta webgunearen bidez berriak ahalik eta azkarren zabaldu genituen». Paperean ere eman zuten albistea.
Cabellok azaldu duenez, sare sozialek indar handia dute edukiak zabaltzeko, batez ere belaunaldi berrien artean. «Sare sozialen bitartez jasotzen ditugu bisita asko. Azken ordukoak zabaltzeko modurik eraginkorrenak dira, eta guk ere hor egon behar dugu».
Eskualdean ahalik eta «zabalen eta ondoen» informatzen jarraitzea dute etorkizunera begirako erronka nagusia. «Paperean orrialde kopurua gehitu ahal izango bagenu, garrantzitsua izango litzateke». Horretarako, baina, egoera ekonomikoa ez da aproposena. Harpidetza aldetik ez dute eragin handirik nabaritu, «irakurle fidelak eta adin guztietakoak» dituztelako. «Publizitatea eta udalek eta elkarteek egiten duten ekarpen ekonomikoa asko jaitsi da».
Hurrengo urteetan ere eskualdean hedabide erreferentea izan nahi du Cabellok. «Garrantzitsua da jendea zerbait kontatzeko badu gugana etortzea, Hitza kontuan hartzeko». Informazio iturri diren heinean, Hitza-ren xede nagusia jendearengana iristea da, Cabelloren esanetan. «Etxeetara heltzea, begietara heltzea, belarrietara heltzea. Eragitea».
Komunikazioa
Albiste txikien hurbiltasuna
Bihar hamar urte beteko dira 'Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza'-k lehen zenbakia kaleratu zuela. Ordutik, eskualdeko gertaeren informazio iturri izan da, eta irakurleen onarpena jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu