Aktualitatea «umore gaziarekin» landuko dute gaurtik Hamaikan

Naroa Iturrik 'Kolpez kolpe' saio berria aurkeztuko du, eta lau solaskide izango ditu aldamenean

Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturri, Kolpez kolpe-ko zuzendaria eta aurkezlea, hurrenez hurren. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Aktualitateko gaien errepasoa egiteko beste formula bat proposatuko du asteazken gauetan Hamaikak, Kolpez kolpe saioaren bitartez. Gaur estreinatuko dute, 22:00etan, eta ordubeteko saioa egingo dute astero. Ekhiñe Atorrasagasti programako zuzendariak iragarri duenez, jaiotzez «ausarta» izango da: «Aktualitateari beldurrik gabe helduko dio saioak, umore gaziarekin eta estilo biziarekin. Kaleko ahotsez aparte, Interneteko ahotsak ere jasoko ditugu». Platoan, Naroa Iturri aurkezlearekin batera, lau solaskide egongo dira astero —aldatuz joango dira, baina batzuk behin baino gehiagotan agertuko dira—.

Bestelako atalak ere egongo dira: Atorrasagastik berak asteari errepaso bizkor bat emango dio eta elkarrizketak egingo ditu (aste honetan Aita Mari itsasontzian izan da kazetaria). Umorezko tartea Gantxeg inspektoreak beteko du (Eñaut Gantxegi aktoreak hezurmamituko du).

Iturrik aspaldian ez du saiorik aurkeztu Hamaikan. «Duela urte batzuk, Iturrik rol garrantzitsua bete zuen Hamaikan», nabarmendu du Atorrasagastik. «Emakumeek ekoitzitako saio bizi bat egitea da gure asmoa, eta, horretarako, Iturrirengana jo genuen».

Atorrasagastiri iruditzen zaio sarri kostatu egiten dela emakumeak lehen lerrora pasatzea. «Emakumeok askotan huts egiteari beldur handiagoa diogu, publikoa zorrotzago izan daitekeelako. Baina ikus-entzunezkoen testuinguru berrian, emakumeokere gure tokia eskuratu, eraiki eta esploratu behar dugu».

Kataluniaz arituko dira gaur

Gaur, aurreneko saioan, hauek izango dira solaskideak: Miren Legorburu administraria, Ainara Maia filologoa, Unai Apaolaza filosofia irakaslea eta Asier Errasti kazetaria. Errastik, gainera, sare sozialetako errepasoa egingo du saioan. Sare sozialetan aktiboak direnak eta iritzia emateko gogoz daudenak gonbidatuko dituzte programara. «Solaskideen zerrenda egiteko orduan, emakumeen zerrenda luze bat egin dugu. Emakumeen iritziari prestigioa ematea izango da gure lehentasuna», azaldu du saioko zuzendariak. Gaurko saioan Kataluniako egoera, Altsasuko auzia eta Franco hobitik ateratzea izango dituzte hizpide.

Saioa astezkenetan Hamaikan emateaz gain, zatikatuta sare sozialetan zabalduko dute. Instagramen ahalegin berezia egingo dute.

Saioaren izenak ez du lotura zuzenik Kortaturen kantarekin. Sintonia, dena den, Kaki Arkarazok egin du. Atorrasagastik aitortu du «hanka sartzeko arriskua» izango dutela. «Baina formatua espazio desberdinetan egokitzen joan nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.