EITBren Miramongo egoitzako makillatzaile eta ile apaintzaileek akordioa lortu dute. Greba mugagabea abiatu zuten atzo, helburutzat hartuta subrogazio eskubidea bermatzea eta lan baldintzak hobetzea. Azkenik,ELA sindikatua ados jarri da enpresarekin, eta bertan behera utzi dute greba.
Lortutako akordioak hainbat hobekuntza jasotzen ditu langileentzat. Batetik, subrogazio eskubidea bermatu da, hau da, zerbitzua beste enpresa baten gain uzten bada ere, langileek eutsi egingo diote dagokien postuari. Bestetik, soldata nabarmen igotzea ere erdietsi dute: 2025erako soldata %8,3ko igotzea adostu da, eta 2026tik 2028ra bitartean KPIaren gainetik handitzea.
Horrez gain, urteko lanaldia 67 ordu laburtzea lortu dute, eta hobekuntza horiek bermatzeko klausulak txertatu. Klausula horiek ziurtatzen dute lan baldintzei bere hartan eustea hitzarmena iraungita ere.
Sindikatuak nabarmendu du langileak antolatzeari eta borroka sindikalari esker lortu dutela akordioa egitea: «EITBko ELAko atal sindikalaren babesa funtsezkoa izan da».