Aitzindaria bizirik dago

'Sustatu.eus' webguneak hogei urte bete ditu euskara eta teknologia berriak uztartzen

Sustatu.eus webguneko zenbait web orriren itxura. BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aitzindaria izan zen Sustatu.eus. Euskara uztartu zuen teknologia berriekin eta Internetekin. Gaur egun ohiko eta ia ezinbesteko bihurtu diren teknologien eta Interneteko joeren, aplikazioen eta terminologien berri ematen hasi zen, euskaraz, duela hogei urte, 2001eko azaroan (Sustatu.com zen orduan). Hogei urte geroago, teknologiak eta Internetek garatzen jarraitzen dute, eta horien berri ematen jarraitzen du Sustatu.eus-ek. «Teknologiak eta euskarak bat egiten duten bidegurutze horretako albistegi bat da», definitu du Luistxo Fernandez editoreak.

CodeSyntax enpresak eta Goienak sortu zuten Sustatu.eus, baina CodeSyntax arduratzen da webguneaz gaur egun. Fernandez bera, nagusiki, zenbait lankideren laguntzarekin.

Fernandezek uste du Sustatu.eus-ek oraindik ere lekua baduela. Interneten sortzen diren gauzen berri ematen jarraitzen duela, eta informazio interesgarriak eskaintzen dituela. Aste honetan, esaterako, COVID-19aren ziurtagiriak irakurtzeko metodoei buruzko sarrera bat argitaratu du.

Hala ere, garrantzia, erreferentzialtasuna, galdu du, bai edukietan, bai eztabaidetan. «Agian arraroa da urteurren batean halako zerbait esatea, baina iragan gehiago du etorkizuna baino», Luistxo Fernandezen arabera. Sustatu.eus erreferentzia zen, ez baitzegoen ia ezer teknologia berriei eta Interneti buruz euskaraz, eta ez baitzeuden iritzia emateko leku asko. «Lehen urteetan oraindik ez zegoen blogik, eta jendeak Sustatu.eus-en ematen zuen iritzia ahots propioa izateko». Zirikatzaile rola ere jokatu zuen webguneak orduan. Akuilu eta eredu ere izan zen, euskarazko tresna eta webgune berriak sortzeko.

Gaur egun xumeagoa da, «tanta bat itsaso batean», onartu du Fernandezek, «baina ez dut penaz esaten, teknologia berriei buruzko informazioa orokortu egin baita».

Sustatu.eus-ek artxibo oparoa du: edonoren eskura daude 2001etik argitaratutako artikulu guztiak, euskarak Interneten eta teknologia berrietan izan duten bilakaeraren erakusleiho.

Jardunaldia Bilbon

Testua izan da Sustatu.eus-en oinarria, baina Fernandezek ikus-entzunezkoen erabilera probatu nahi du, zuzeneko saioren bat agian: «Zuzenekoen mundua zabaltzen ari da, eta uste dut zerbait egin beharko genukeela. Agian ausartuko gara».

Jardunaldi bat egingo dute urteurrena gogoratzeko, etzi arratsaldean, Bilbon, Bilbao As Fabriken. 16:00etan hasiko da, eta izena eman behar da. Jardunaldiaren ondoren festa txiki bat egin behar zuten, baina bertan behera utzi dute, COVID-19aren bilakaera dela eta.

Egitarauan nabarmentzekoa da, alde batetik, Interneteko beteranoen arteko mahai ingurua: Luistxo Fernandez (Sustatu.eus),Iñaki Lopez de Luzuriaga (euskarazko Wikipedia), Patxi Gaztelumendi (Armiarma.eus) eta Oier Araolaza (Dantzan.eus). Bestetik, baita Goizalde Landabasoren eta Leire Narbaizaren arteko solasaldia ere, Interneteko parte hartzeko eta eztabaidatzeko aukerei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.