«Aitona-amonek eta gurasoek kontatu digutena ikusi egingo dugu orain», esan du Jabi Elortegi ikus-entzunezkoen zuzendariak. Aitaren Etxea telesailaren lema eraman du, eta irailaren 30ean, datorren asteazkenean, estreinatuko du ETB1en. 1950eko giroa eta orduko tirabirak amodiozko istorio baten bidez erretratatuko ditu telesailak. Euskal Herriko historia garaikidea kontatzeko lan luze baten urratsa izango da, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren arabera.
«Apustu handia egin dugu», esan zuen atzo Maite Iturbek Aitaren Etxea telesaila aurkezteko prentsaurrekoan, Donostian. Telesailak«benetako pasadizoak» islatuko dituela gaineratu zuen. «Gure historia geuk kontatuko dugu».
Euskal Herriko kostaldeko Echegui fikziozko herrian,zelaiatarrak eta egañatarrak bizi dira. Kontrako aldeetan ibili ziren 1936ko gerran. Egaña jauna (Kandido Uranga aktoreak antzeztuta) alkate frankista da orain, hotel baten jabea. Irene izeneko alaba dauka (Loreto Mauleonek antzeztuta). Irene Zelaia galtzailearen semearekin, Martin gaztearekin (Ander Azurmendi), maiteminduko da.
«Dekoratu naturalen» alde egin dute ekoizleek. Horrek zinemaren estetika ematen dio produktuari. «Ez gara gai benetakotasun hori platoan lortzeko», adierazi du Elortegik.
Maiatzean hasi ziren grabatzen. «Zinematografikoa da, baina telebistako denborekin eginda», esan du zuzendariak. Izan ere, zortzi astean grabatu dituzte ordubeteko 15 atalak. «Hau da, ordu eta erdiko filma bat grabatzeko denbora berean». Halako sailei dagokienez, telebistetan lehia handia dagoela esan du. «Baliabideak eta kalitatea batuta, Espainian ez dago halakorik», esan du Iturbek. «Irabaziko genuke».
Gipuzkoako hainbat lekutan aurkitu dituzte garai bateko itxura duten filmatzeko lekuak: Zestoako Arozena hotelean, Hondarribiko alde zaharrean, Azpeitiko Tren Museoan, Legazpiko Euskal Burdinaren Museoan eta Intxaurrondoko (Donostia) elikagai denda zahar batean.
Ikusle euskaldunentzat «oso produktu ona» dela esan du zuzendariak, «inork kontatu ez duena kontatzen duelako». Euskararen debekua izango da gaietako bat, eta lehen atalean bertan agertuko da, eskolan irakasle frankistek ezarritako eraztunaren bidez. Garai hartako hizkuntza errealitatea islatzeko asmoz, pertsonaia bera «Edurne» da batzuentzat, eta «Nieves» besteentzat, zuzendariak esan duenez. Euskara baturik ez zegoen orduan, eta hori kontuan hartu dute, elkarrizketak garai hartako hizkeran moldatuta. «Ofizina esaten dute pertsonaiek, ez bulego», azaldu du Elortegik. Telesailean, guardia zibilek gazteleraz egiten dute, baita zinemakoNo-do albistegi frankistak ere.
Diktadura, kalean musua ezin ematea, lan gatazkak eta frankismoaren aurkako lehen erresistentzia ekintzak islatuko dituzte telesailean. «Iritsiko da garaia gure historia berriagoa kontatzeko, ikusleek erantzuten badute», adierazi du Iturbek, «baina 1950eko istorio honetan gero etorriko zenaren enbrioia dago». Hamarkadaz hamarkada historia kontatzen aurrera jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du Elortegik.
Grabatutakoa editatzen dabil orain zuzendaria. Dagoeneko hiru atal ditu amaituak. Atzo egin zuten aurrestreinaldia Viktoria Eugenian antzokian. Lehen denboraldia baino ez izatea nahiko luke Elortegik. Baina horretarako, ikusleek erantzutea beharko du. «Denon artean Aitaren Etxea defendatzea espero dugu».
'AITAREN ETXEA' TELESAILA
Zuzendaria. Jabi Elortegi (Goenkale, Go!azen, Zorion Perfektua).
Ekoizleak. Pausoka eta ETB.
Aktoreak. Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Felix Arkarazo, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, Josean Bengoetxea.
Musika. Fernando Velazquez (Lo Imposible). Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu du.
Makillajea. Karmele Soler.
'Aitaren Etxea' telesaila irailaren 30ean estreinatuko dute ETB1en
Frankismoaren bigarren hamarkadako «benetako pasadizoak» islatu nahi ditu ekoizpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu