Telebistaren aste handia izaten da Cannesko MIPTV azokakoa. Okzitaniako kostaldeko hiri horretan ikus-entzunezko sektoreko 11.000 profesional baino gehiago bildu dira egunotan. Ehun herrialde baino gehiagotakoak. Eta tartean dira Euskal Herritik joandakoak ere, Basque Audiovisual markapean —Eiken klusterraren, Etxepare institutuaren eta Zineuskadiren elkarlanari esker—.
Pausokako proiektuburu Xabier Zabaletak jakinarazi duenez, Somos Distribution banatzaileak Aitaren etxea telesaila erakutsiko die munduko ikus-entzunezko plataforma handiei. «Go!azen ere erakusten aritu gara, baina eragozpen gisa jartzen digute abestiak euskaraz direla». Pozik azaldu da Zabaleta, bi banatzaile handik interesa azaldu dutelako The best in history formatua garatzeko. «Sleeping with the enemy formatua, berriz, New Yorkeko Input konferentziarako aukeratu dute». Pausokaren Do You Know Me? saioaren eskubideak, halaber, Argentinako ekoizpen etxe batek erosi ditu.
Prime Time Media etxeko gidoilari Josune Canales sektoreko joerak ikusten ibili da: «Oroiminak presentzia handia du: saio zaharrak berreskuratzen dituzte. Talent show asko daude, baita bikotekidea bilatzeko saioak ere». Haren irudikoz, ekoizpen txikientzat zaila da azoka, «enpresa handiek arreta guztia bereganatzen dutelako».
Koldo Zuazua Kowalski filmseko ekoizlearentzat berri on bat iritsi da MIPTVn: Beta Films banatzaileak iragarri du AEBetako Starz kateak La Zona telesailaren eskubideak erosi dituela. Frantziako Canal+ek maiatzean estreinatuko du.
Errealitate birtuala
Ikus-entzunezkoekin lotutako izar ugari daude egunotan Cannesen. Robert Rodriguez zinemagileak, atzoko ekitaldi nabarmenetako batean, errealitate birtualeko telesail bat aurkeztu zuen: The Limit. Errealitate birtualeko aurikularretarako aplikazio batean (Surreal) estreinatuko dute, urtearen amaieran. Rodriguezek aitortu du bere seme Racerri bururatu zitzaiola telesaila egiteko ideia; pertsonaia baten ikuspuntutik grabatzen dute, eta ikusleak harekin interaktuatzen du une oro. «Film baten barruan egongo bazina bezala da. Pentsatu nuen orain arte fikzioa ikusi den modua baino erakargarriagoa izan daitekeela», gaineratu du Mexikoko zinemagileak. Andy Vick STX Surreal konpainiako sortzaileak ohartarazi du teknologiak maiz edukia gainditzen duela, eta edukia dela jendea halakoak erostera eramango duena. Errealitate birtualean lanean ari diren hainbat enpresa daude egunotan azokan. Alemaniako Evrbit enpresako Silke Kachtikek egiten ari diren saiakeren berri eman du: «Soinu sinkronizatuaren sistemetan ari gara oinarritzen esperientziak berriro bizitzeko, eta zinema esperientzia sozial bat bihurtzeko».
MIPTV azoka bihar amaituko da. Canneseries jaialdiko sariak, berriz, gaur emango dituzte. Eta Javier Felix Etxaniz gidoilariakStrange Fishing Sundays telesaila aurkeztuko du gaur bertan, proiektuak garatzeko In Development sailean.
'Aitaren etxea' telesaila Interneteko plataforma handiei erakutsiko diete
Hainbat euskal ekoizle Cannesko MIPTV azokan daude egunotan. Oroiminak tarte handia du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu